Pilotazalea ala erromeriazalea zara gehiago?
Pilota munduan naiz ezagunagoa. Baina biak asko gustatzen zaizkit. Dezente aritu naiz bietan.
Noiz sartu zitzaizun dantzarako harra?
Andikoan eliz-mutil nintzela ikasi nuen, 10 bat urtegaz. Arrosarioa amaitzean abadeak musika ipintzen zuen eta trikiti dantzak egiten genituen, dantza lotuan ez ziguten uzten eta. Asko dira han nobio egindakoak. Geroago, erromerietara joaten hasi nintzen, eta harrezkero jarraitu dut. Pilotan ere han hasi nintzen. 1959an eraiki genuen frontoia, auzolanean.
Asko aldatu dira erromeriak?
Lehen ordaindu egiten genuen erromerietan dantzatzeko, pezeta bat edo bi. Orratzagaz pegatina bat ipintzen ziguten paparrean, eta 6-8 piezagaz lau ordu egiten genituen. Geroago, Gogokoa, Pantera Rosa... dantzalekuak zabaltzean, herriko jaietan baino ez ziren egiten erromeriak. Orain, ordu eta erdian 20 piezatik gora jotzen dira, asko berriak: Zazpi jauziak, Txapelua, Lantzeko dantzak...
Horiekin ere ondo moldatzen zara.
Bai. Emaztea eta biok konturatu ginen atzean geratzen ari ginela eta badira 20 urte dantza horiek ikasten hasi ginela; Gerediaga auzoan (Abadiño), Kristikitin dantza taldekoekin. Gero, AIKOgaz hasi ginen. Oraindino joaten gara, martitzenetan. Gaur egun lotsa handia dago dantzara irteteko. Arin-arina, fandagoa, pasodoblea... galtzen dabiltza. Ikastera eta plazara irtetera animatu gura nuke jendea.
Dantza lotua ala trikiti dantzak?
Arin-arina eta fandagoa gustatzen zaizkit, apur bat narrastu egin naizen arren. Balsak, rantxerak… ere gustuko ditut, eta Zazpi jauzitan ondo moldatzen naiz.
Lagun taldea batzen zarete erromerietara joateko. Zeintzuk dituzue hitzordurik kutunenak?
Markiña ingurukoak, igual. Han mantendu dira gehien, garai batean lez. Durangaldean apur bat galdu dira. Hiru, bost edo hamar lagun joaten gara, baina emaztea eta biok bakarrik ere joan izan gara inoiz.
Zeintzuk dira urteko hitzorduak?
Elorrioko Gazeta auzoan hasten gara, Erregenetan. Gero, Eingoren jaia dugu Muruetan. Eta Durangon hilero egoten da Andra Mariko elizpean; gaur da, 19:00etan. Zarautzera, Mungiara edo Bilbora ere joaten gara.
Pilota partidu nagusia ikusi barik utziko zenuke erromeriara joateko?
Partiduaren eta plazaren arabera. Baina utzi dut partiduren bat dantzara joateko. Ona izan bada, biharamunean ikusi dut.
Noiz arte jarraituko duzu dantzan?
70 urte ipini nuen muga, baina egin ezin dudanean utziko dut. Lagunek zaharra naizelako baztertu arte jarraituko dut.