"Korala Zaldibarko kulturaren gorputza eta arima izan da"

Ekaitz Herrera 2025eko abenduaren 7a

Zaldibarko Koral Elkarteak 80 urteko ibilbidea bete du aurten, eta efemeride horregaitik abesbatzak izan du aurtengo sanandresetako txapligua botatzeko ardura. ANBOTO Zaldibarko Koral Elkarteko kideekin batu zen joan zen barikuan, neguko jaien hasiera ekitaldian. Esther Hernandez zuzendariak eta Antxon Burgoa abeslariak erantzun diete galderei

Zelakoa dabil izaten 80. urteurrena?
Antxon Burgoa: Ohore bat da guretzat. 81 urte dauzkat eta arnasa hartu nuenetik koralagaz batera bizi izan naiz modu batera edo bestera. Eta gaur egun hauxe darabilzu buruan: “Umeak akordatuko ote dira gaurko egunaz?”. 

Zein da Koralak herriari egin dion ekarpena?
A.B.: Lauroegi urte hauetan gauza asko gertatu da herrian, eta koralak beti egin du bere ekarpena. 75. urteurrena bete genuenean, argazki erakusketa handi bat egin genuen, eta bertan argi ikusi ahal izan zen Korala beti egon dela presente herriko aktibitate guztietan. Pilota taldeagaz parte hartu du, dantza taldeagaz, musika eskolagaz... Abesbatza gizonezkoena baino ez zen izan sasoi batean; gero misto bihurtu zen. Futbol taldearen oinarria koraletik sortu zen. Orduan, esan daiteke korala Zaldibarko kultur mugimenduko arima eta gorputza izan dela.

Irudikatu daiteke Koralik bako Zaldibar?
Esther Hernandez: Ezetz esango nuke. Hainbeste urteren ondoren, eragile garrantzitsua gara herrian. Ekiteko gogoz jarraitzen dugu, baina, egia esan, jende gutxitxo gaude orain. Giro ona dugu, sanoa, eta jendea gugana etortzera deitu gura dugu. Izan ere, gurea ez da aparteko konpromisoa. Astean behin egiten ditugu entseguak, eta astean bitan begibistan kontzerturen bat badago. 
A.B.: Sanandresetan kontzertutxo bat eman dugu. Aspaldi abestu bako kantak berreskuratu ditugu bertan. Egia esan, Estherrek ederto baten zirikatzen gaitu. Akuilu lana egiten du, taldeak aurrera egin dezan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!