Bitor Garitaonandiaren omenezko lehenengo ipuin lehiaketa Zaldibarren

E.H. 2025eko abenduaren 2a

Lanak abenduaren 1etik urtarrilaren 18ra bitartean aurkeztu behar dira. 8-12 urteko umeek parte hartu dezakete. Sari ugari dago jokoan.

Bitor Garitaonandia jaio zela 150 urte beteko direla eta, udalak hainbat egitasmo antolatuko du, tartean, Garitaonandiaren omenezko lehenengo literatura lehiaketa. 8tik 12 urtera bitarteko umeek parte hartu ahalko dute txapelketan, hau da, Lehen Hezkuntzako 3. 4. 5. eta 6. mailetako ikasleek. Kategoria bakarra egongo da jokoan: parte hartzaileek euskarazko ipuinak aurkeztu beharko dituzte. Lanak berariaz eraturiko epaimahai batek aztertuko ditu, eta hiru
hilabeteko gehienezko epean jakinaraziko dituzte irabazleak. Hainbat sari egongo da jokoan: 70 euroko, 50 euroko eta 35 euroko bina sari, liburu-sortak eta Durangaldeko liburudendetan trukatzeko bonuak, besteak beste.

3. eta 4. mailetako ikasleek orrialde erdiko ipuina aurkeztu beharko dute gutxienez, eta orrialde bikoa gehienez. 5. eta 6. mailetakoek orrialde bateko ipuina idatzi beharko dute gutxienez, eta hirukoa, gehienez. Udalak argitu du ezingo dela Adimen Artifizialik erabili lanok egiteko. Lehiaketako ezaugarri guztiak, erabili beharreko tipografiak eta tarteak barne, Zaldibarko Udalaren web atarian kontsultatu daitezke.

Idazlanak Zaldibarko Udalari helarazi beharko zaizkio abenduaren 1etik urtarrilaren 18ra bitartean. Horretarako, parte hartzaileek beharrezko inprimakiak eta eranskinak beteta aurkeztu beharko dituzte lanak.

Zaldibartar ilustrea

Bitor Garitaonandia Ariño 1876ko martxoaren 6an jaio zen Zaldua plazako Zapatarikoa etxean. Euskaltzalea izan zen, musika konpositorea, tenorea, antzezlan idazlea, euskaltzain urgazlea. Musikaren alorrean, Zamorako katedraleko maisu tenore izan zen, eta Donostiako Orfeoia handitzen lagundu zuen XX. mende hasieran. Euskalgintzaren eremuan, Argia astekariaren sorreran parte hartu zuten beste hainbat euskaltzalerekin, eta garai hartan idatzi zituen euskarazko hainbat antzezlan eta ipuin liburu. 1925ean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Handik urte gutxira hil zen Donostian, 1929ko abuztuaren 3an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!