Zaldibarko Udalak % 150eko errekargua ezarriko die etxebizitza hutsei

Ekaitz Herrera 2025eko urriaren 30a

“Arazo handia dugu etxebizitzarekin, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu horri heltzeko. Honako hau ez da arazoari irtenbidea emateko pauso definitiboa, bai, ordea, konponbideari begirako urratsa”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.

Zaldibarko udalbatzak 2026ko ordenantza fiskalak onartu ditu, fokua etxebizitza hutsetan ipinita: datorren urtetik aurrera, % 150eko errekargua ezarriko die higiezinoi. Kontua da Bizkaiko Foru Aldundiak etxebizitza hutsei % 50eko gainordaina ezartzeko aukera eskaini duela orain arte, baina kopuru hori % 150era arte handitzeko aukera aktibatu duela oraintsu. Eta hori horrela, Zaldibarko Udalak gainkargu kopururik handiena ezartzea erabaki du, "udalerriko etxebizitza hutsen merkaturatzea eta alokairua bultzatzeko". Eneritz Azpitarte alkateak honela arrazoitu du erabakia: “Arazo handia dugu etxebizitzarekin, eta gure esku dagoen guztia egin behar dugu horri heltzeko. Honako hau ez da arazoari irtenbidea emateko pauso definitiboa, bai, ordea, konponbideari begirako urratsa”. 

Neurriak EH Bilduren aldeko botoekin egin du aurrera; kontra egin dute, aldiz, EAJk eta PSE-EEk. Jeltzaleek "gehiegizkotzat" jo dute etxebizitza hutsei ezarritako errekargua, eta gainkargu hori "era progresiboan", urterik urte egitea iradoki zuen Baltasar Gómez zinegotziak. Sagrario Sánchez sozialistak ere bat egin du jeltzaleen irakurketarekin. "Gehiegizkoa" iritzi zion igoerari. 

Etxebizitza hutsena ez da Zaldibarko ordenantza fiskalen azken berritasuna. Zerga eta tasa arruntak % 2,5 igoko dituzte, hondakinak batzeko zerbitzuagatiko tasa salbu. Azken hori % 15 igoko dute, zerga Europar Batasunak agindutako legedira egokitzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!