ANBOTO Telebista

[BIDEOA]: "Baterajotzea feminismoaren indar erakustaldia izatea gura dugu"

Ekaitz Herrera 2025ko urr. 31a, 10:30

Zaldibar Euskal Herri osoko ehunka gazte feministaz beteko da asteburuan, barikutik domekara arte Gazte Feministen Baterajotzea egingo dute-eta bertan. Feminismoa lubaki lelopean, hausnarketa, tailer, formakuntza eta kultur eskaintza zabala prestatu dute feminismoaren askotariko ertzak lantzeko. Itsaso Urizar eta Maddi Sanz zaldibartarrak pozarren daude, beren herrian bertan egingo baita Baterajotzea. Egitarauko ekitaldietan parte hartzen zein ekitaldiok antolatzen ibiliko dira.      

Baterajotzea hastear da. Zer moduz urduritasun horiek?
Itsaso Urizar: Urduri baino gehiago, halako topaketa handi bat gure herrian irudikatu ezinda gabiltza. Baterajotzea Euskal Herriko beste hainbat tokitan egin da orain arte, baina Zaldibarren, gure herrian, antolatzea izugarria da guretzat. Urduri eta pozik gaude.
Maddi Sanz: Baterajotzea Zaldibarren egingo zela komentatu zigutenean, ez genuen pentsatu zelako bolumena hartuko zuen. Uste dut herritarrak aste honetan konturatu direla Baterajotzeak herriari egingo dion ekarpenaz. Hala ere, hemen zer egingo den galdetzen dabiltza batzuk oraindino. 

Baterajotzearen ardatza 'Feminismoa lubaki' mezua izango da. Zer landu edo irudikatu gura duzue horregaz?
M.S.: Baterajotzeak bizi dugun testuinguruari aurre egiteko eta antolatzeko balioko digu. Gazteok prekaritate egoeran gaude, politika neoliberalen bitartez zerbitzuak pribatizatzen dabiltza, feminismoa despolitizatzeko hainbat saiakera ikusi dugu eta atzerritartasun lege arrazistak daude indarrean, besteak beste. Gazte feministok ezinbesteko dugu problematika horiei guztiei aurre egiteko feminismoa lubaki modura ulertzea. Zaldibarko Baterajotzea feminismoaren indar erakustaldia izatea gura dugu.
I.U.: Gazteok feminismoan lerratzeko lan egingo dugu, baita elkarren artean saretzeko ere. Izan ere, gure artean ezagutzeko aukera bat ere izango da, lehen aipaturiko arazo guztiei elkarlanean erantzuteko.    

Horretarako, egitarau oparoa daukazue prest. 
I.U.: Egitaraua gaur hasiko da, barikua, 19:00etako irekiera ekitaldiagaz. Hortik domekara arte, askotariko ekitaldiak egongo dira. Tailer eta berbaldi nagusiak zapatuan izango dira. Batzuk aipatzearren, argaltasunaren araua, hezkuntza feminista, drag adierazpenak eta graffitiak landuko ditugu. Gau partean kultur eskaintza ere izango dugu. Barikuan bertso saio musikatua eta Olatz Salvadorren kontzertuak egongo dira, adibidez. 
M.S.: Horrez gainera, mobilizazioa ere egongo da zapatu arratsaldean. Herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte hartzera. Domekan herrira zabalduko dugu Baterajotzea. Azoka bat egongo da plazan, eta marianito musikatua ondoan, Xerra gunean. Asteburu osorako bonua erosteko aukera dago, baina dena delakoagaitik baten batek egun konkreturen batean parte hartu gura balu, barikuko eta zapatuko txartel indibidualak ere badaude salgai. Baterajotzearen Instagram kontuko biografian dago sarrerak erosteko lotura.

Egitarauak herriko hainbat bazterretara zabalduko du Baterajotzea.
I.U.: Gune nagusia gaztetxearen ondoko aparkalekua izango da. Bertan egongo da karpa handia. Gero, Olazarren, garai bateko futbol zelaian, akanpalekua egongo da. Bestalde, gaztetxea ere erabiliko dugu, bai zapatu gauean baita tailerretariko batzuetan ere. Frontoian eta liburutegi zaharrean ere egingo ditugu berbaldietariko batzuk. Domekan herriko plazan egingo ditugu ekitaldiak. 

Badakizue zenbat gazte feminista batuko zareten gutxi gorabehera?
M.S.: Lehenengo Baterajotzea Elizondon (Nafarroa) egin zen, 2021ean. Edizio hartan, 600 lagun batu ziren. Bigarren edizioa Usurbilek hartu zuen, 2023an, eta 800 lagun batu ziren.
I.U.: Egitarau potoloa programatu dugu zapaturako, eta eskaintza musikala ere zabala da. Aurtengo edizioan, orain arteko edizioetako jende kopurua handitu gura dugu. Izan ere, Euskal Herriko hainbat eskualdetan autobusak antolatu dituzte hona etortzeko, eta kontuan hartu behar da garraio publikoak aukera handia eskaintzen duela hona etortzeko, trenez zein autobusez. 

Izan zenuten aukerarik Elizondon edo Usurbilen egoteko?
M.S.: Ez. Zaldibarkoa gure lehenengo Baterajotzea izango da. Gure lehenengo Baterajotzea non eta gure herrian! Aurreko edizioetara joandako lagunek komentatu izan digute oso esperientzia aberasgarria dela. Ekitaldietan parte hartzen egongo gara, eta baita lanean ere.   

Baduzue ekitaldirik begiz jota? Non ibiliko zarete?
I.U.: Lanean ere egongo garenez, ez dakigu seguru noiz egongo garen libre eta berbaldiren batera joateko aukerarik izango dugun. Niri, adibidez, bitxigintza tailerrera joatea gustatuko litzaidake.  
M.S.: Nik Zaintzaren Dispositibo Patriarkala aztertzeko berbaldira joan gura dut. Greba feminista orokorrak zaintzaren gaia erdigunean ipini zuen eta gai horri hainbat ertzetatik begiratu gura diot. Bestalde, Maruxak eta Perlata taldeak ikustera ere joango gara. Edozelan ere, ekintza asko dago eta ez da erraza izango nora joan erabakitzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!