Zaldibarko Udalak Erabilera Libreko Gela atondu du Olazarren, 0-5 urte bitarteko umeentzat. Lokala Gaztelekuan dago, Gela Berdea modura ezagutzen den lekuan. 30 metro karratu zabal da, eta 15 pertsonarentzako gehienezko edukiera du. Udalak altzariak, alfonbrak, mahaiak eta aulkiak ipini ditu bertan. Erabilera Libreko Gela urritik 2026ko maiatzera bitarte egongo da zabalik, astelehenetik barikura, 16:00etatik 19:30era. Azpiegitura erabili ahal izateko, gurasoek udaletxera joan eta inprimaki bat bete beharko dute. Behin hori eginda jasoko dute lokalaren giltza-txartela.
Eneritz Azpitarte alkateak gogorarazi duenez, Erabilera Libreko Gela aurrekontu parte-hartzaileetako proiektua da. “Gobernu talde honek bere egin du Zaldibarko herritarren proposamena. Herriko umeek eta familiek eremu gorde eta estalia izango dute aurrerantzean, eguraldiak laguntzen ez duenerako", azaldu du. Gelaren erabilera gertutik jarraituko dute, "etorkizunean hobekuntzak egin ahal izateko".
Erabilerarako arauak
Gela erabili gura duten familiek betekizun batzuk izango dituzte. Batetik, erabiltzaileek lokaleko altzariak zaindu beharko dituzte, eta debekatuta izango dute gainerako erabiltzaileentzat molestagarriak diren jarduerak egitea. Halaber, debekatuta egongo da animaliak sartzea. Bestetik, baimenduta egongo da barruan jatea eta edatea.
Zaldibarko Udalak azaldu duenez, erabiltzaileek lokala garbi eta baldintza onetan mantentzeko betebeharra izango dute. Erabilera baldintzaren bat beteko ez balitz, alkatetzak lokala erabili ahal izateko baimena baliogabetu ahalko du, eta erabiltzaileak giltza-txartela entregatu beharko du. Eskatzaileek bost euroko fidantza jarriko dute udal bulegoetan, giltza-txartela itzuliko dela bermatzeko.