Pintxo dastatzea, Urdiñaken 50. urteurrena ospatzeko

M.Z. 2025ko ira. 26a, 12:30

Rafa Iraeta, Aitziber Iturriaga eta Teo Arteaga.

Urdiñak txoko gastronomikoak 50. urteurrena ospatuko du zapatuan. Elkartearen ospakizunerako, pintxo dastatzea egingo dute. ANBOTO Urdiñak txokoko hiru bazkidegaz izan da: Rafa Iraetagaz, Aitziber Iturriagagaz eta Teo Arteagagaz.

Orain 50 urte, Zaldibarko herrian elkarte bat sortu behar zutela otu zitzaion bertako lagun kuadrilla bati. 50 urte geroago, Urdiñak txoko gastronomikoaren urteurrena ospatzen dabiltza. “1975ean hasi zen dena egosten. Zortzi-hamar lagun batu ginen neure baserrian, Katikenan. Sozidade bat sortu behar genuela okurritu zitzaigun, eta Urdiñak 1976an zabaldu genuen ofizialki”, esan du Teo Arteaga sortzaileetariko batek.

Hasieran, Urdiñak mikologi elkarte modura eratu zuten. "Sasoi hartan elkartu zirenak oso perretxiko zaleak ziren. Horren adibide da gaur egun soziedadeak duen itxura ere", esan du Aitziber Iturriaga bazkideak. "Perretxiko erakusketak antolatzen genituen, eta, horrez gainera, jaietan ere herrira zabaltzen genuen elkartea, bertan kontzertuak antolatuta", gaineratu du Artegak. 

Hasierako urte haietan, elkarteko bazkideak gizonezkoak izan zitezkeen bakarrik. Baina txoko gastronomikoa garai berrietara egokitu da, modu naturalean. "Bazkide baten emaztea alargun geratu zen, eta horixe izan zen lehenengo pausoa emakume bat bazkide egiteko. Iraultza handi bat izan zen eta bertako bazkideak oso aurrerakoiak izan ziren", aitortu du Iturriagak. Gaur egun 30 bazkide daude Urdiñak txokoan, eta hasierako urteetan ez bezala, bazkide taldea gizon eta emakumez osatuta dago. 

Sozidadez sozidade ekimena
Txoko gastronomikoko kideak pozik eta gogotsu daude Urdiñaken 50. urteurrena ospatzeko, zaldibartarrekin zelebratzeko. Hastapenetara bueltatu eta txokoa herriari zabalduko diote, beste behin ere. Hori horrela, zapatu honetarako, irailak 27, pintxo dastatzea antolatu dute, Sozidadez sozidade Urdiñakek 50 urte lelopean. 11:30ean emango diote hasiera egunari, udaletxe aurrean. Handik Goierrira joango dira. “Herriko bost elkarteetako lagunok dastatzea antolatu dugu, eta amaiera Urdiñaken emango diogu”, gaineratu du Rafa Iraetak. Pintxo dastatzean parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik txartelak hartzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!