Eskualdeko hiru pilotari Olazar txapelketan

Joseba Derteano 2025ko ira. 15a, 12:45

Iazko aldiko sari banaketako irudia. OLAZAR

Koldo Bikandik, Aingeru Bernaolak eta Faben Ituartek Zaldibarko txapelketan parte hartuko dute. Lehenengo jardunaldia irailaren 18an da. Final-laurdenetatik aurrera zuzeneko emankizunak eskainiko dira 'anboto.org' webgunean.

Olazar Pilota Txapelketaren 37. aldia hastear da. Irailaren 18ko lehenengo jardunalditik aurrera, afizionatu mailako pilotaririk onenetakoek eguenero jokatuko dute Zaldibarko pilotalekuan, 21:00etan hasita.

Urtero legez, txapelketa binaka eta lau eta erdiaren barruan jokatuko da. 16 bikote arituko dira binaka, eta 16 pilotari kaiolaren barruan. Tartean, eskualdeko hiru ordezkari daude: Aingeru Bernaola mañariarra binakakoan arituko da, eta Koldo Bikandi iurretarrak eta Faben Ituarte atxondarrak lau eta erdikoan parte hartuko dute. 

Bikandik datorren egueneko lehenengo jardunaldian jokatuko du. Iker Rekalde dimoztarra izango du aurkari. Ez dago faborito argirik partidu honi begira. Binakakoan, Fernandez-Canseco eta Gutierrez-Garmendia bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Ituartek aurrerago hasiko du txapelketa. Ikusi egin beharko da zer sasoi puntutan heltzen den aurten, besteak beste, Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa eta Lesakako San Fermin Torneoa irabazi dituen aurrelaria.

Bernaolak Xabier Rekaldegaz —Ikerren anaia nagusia— bikotea osatuta hasiko du txapelketa. Bikotekide beragaz amaituko duen, baina, beste kontu bat da. Izan ere, baliteke Rekaldek profesionaletarako saltoa ematea laster. 

Txapelketa irabazteko faboritoen artean Zubizarreta-Apeztegia, Lizeaga-Landa eta Amiano-Elorza nabarmendu daitezke binaka, Rekaldek eta Bernaolak osaturiko bikoteaz gainera. Lau eta erdian faboritoen zerrenda zabala dago, hala nola aurten Zornotzako Master Kaiola txapelketa irabazi duen Arkaitz Murua altzotarragaz, Jon Egurrola galdakoztarragaz eta Igor Nazabal gipuzkoarragaz. Pilori hauek denak gazte-gazteak eta aurten zeresana eman dutenak dira.

Emakumeen lau eta erdiko txapelketa bat ere egongo da, baina abenduan hasiko da, finalerdiekin. Gizonen eta emakumeen final guztiak abenduaren 31n jokatuko dira, tradizioari eutsita. 

Zuzeneko emankizunak
Zaldua Pilota Taldeak aurten ere zuzeneko emankizunak eskainiko ditu final-laurdenetatik aurrera. Antolatzaileek egindako saioek kalitatezko errealizazioa dute: hainbat kamera, errepikapenak, datuak, elkarrizketak… Normalean, Koldo Aldalur edo Haritz Gallastegi izaten dira esatariak, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Azaroaren 8rako dute aurreikusita lehenengo partidua. Guztira, zortzi emankizun izango dira. Emankizun horiek www.anboto.org webgunearen bitartez ere jarraitu ahal izango dira eguenero. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!