Lidia Cañetek Espainiako txapelketa bi irabazita amaitu du aire libreko denboraldi arrakastatsua

Anboto 2025ko uzt. 23a, 11:00

Lidia Cañete eta Andoni Larrabeiti podiumaren gorenean, Madrilen.

Zaldibar Arku Taldeko kirolariak urrezko domina bi jantzi ditu beteranoetan.

Joan zen asteburuan arku-tiroko Espainiako txapelketak lehiatu zituzten Madrilen. Hantxe aritu zen Zaldibar Arku Taldeko Lidia Cañete eta urrezko bi domina eskuratu zituen beteranoen mailan: talde mistoko txapelketa Andoni Larrabeitirekin (Donostiako Diarco kluba) eta banakako txapelketa arku errekurboarekin.

Cañetek aire libreko denboraldi arrakastatsua izan du aurten ere. Bizkaiko eta Euskadiko ligak eta txapelketak irabazi ditu. Hori gutxi balitz, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketa bateratuetan brontzezko dominak irabazi ditu.Txapelketa hauetan emakumeak eta gizonak batera aritu dira.

Orain "atseden" hartzeko garaia dela dio eta irailean areto barruko denboraldia hasiko du.

Arko errekurboarekin ere Espainiako txapeldun geratu da beteranoetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!