Akordioa goiz honetan sinatu dute hiru udalerrietako alkateek, Eneritz Azpitartek (Zaldibar), Beatriz Gamizek (Ermua) eta Jon Iraolak (Eibar), Ermuko Izarra Centre parke toknologikoan. Urteetan ondutako proiektua da, hainbat arrazoirengatik lozorroan egon dena, baina hiru udalek gaur sinatutako hitzarmenari eskerrak, "berme guztiekin" martxan ipiniko dutena.
Bidea Zaldibarko lurretan dago, Sallabente eta Olarreaga auzoen artean, Ego errekaren bazter batean, eta Ermuko zein Eibarko herriguneak lotzen ditu. Hori horrela, proiektua interes berezikoa da hiru udalerrientzat: batetik, Zaldibarko Ibur-Errekako poligono industriala bertan dago, eta kamioiek modu erosoagoan egin ahal izango dituzte hango sartu-irtenak. Bestetik, hiru udalerrietako herritarrek errazago egin ahalko dituzte herrigune batetik besterako ibilbideak, ermuarrek eta eibartarrek bereziki, azken bi horietako herritarren joan-etorria ohikoa baita errepidearen bazterrean. Azkenik, hiru udalerrietako alkateek hiru instituzioen arteko lankidetza goraipatu dute.
Akordioak, besteak beste, honako hauek jasotzen ditu: hasierako proiektuaren eguneratze teknikoa, etorkizuneko bidea mantentzeko ereduaren definizioa eta inplikatutako administrazioen arteko erantzukizunen banaketa proportzionala. Hiru udalek konpromisoa hartu dute datozen hilabeteetan modu koordinatuan lan egiteko, bide berriko obrak egiteko aukera emango duten fase tekniko eta administratiboei lehenbailehen ekiteko helburuarekin.
ESANAK:
- Eneritz Azpitarte (Zaldibarko alkatea): “Zalantzarik gabe, akordio onuragarria da hiru erakundeentzat eta hiru udalerrietako herritarrentzat. Ibur-Errekak sarrera duina izango du azkenean, eta herritarrek behar bezalako espaloia eta bizikletentzako bidegorria izango dituzte erabilgarri, BI-3344 errepidearen bazterrean”.
- Beatriz Gamiz (Ermuko alkatea): "Hitzarmena sinatzea urrats sendoa eta beharrezkoa da proiektu eraldatzaile bat desblokeatzeko, udalerrien arteko lotura fisikoa hobetzeaz gain, gizarteeta lurralde-kohesioa ere hobetzen duena. Ermuan bide honen aldeko apustua egin dugu beti".
- Jon Iraola (Eibarko alkatea): "Gure herritarren eskaria izan da luzaroan. Pertsona askok adierazi dute eguneroko joan-etorriak egiteko aukera emango duen ibilbide bat behar dugula, autoaren mende egon gabe eta errepide bat gurutzatu behar izan gabe, eta gaur egun hori lortzetik gertuago gaudela esan dezakegu".