Zaldibarko Udalak 3.000 euro bideratu ditu iheslari palestinarrak laguntzera

Anboto 2025ko uzt. 16a, 15:40

Udalak dohaintza egin dio UNRWAri, errefuxiatu palestinarrak laguntzeko Nazio Batuen agentziari. Erakundeak 5 milioi palestinar errefuxiaturi baino gehiagori eskaintzen die arreta eta laguntza, Ekialde Hurbileko 58 kanpalekutan. 

Palestinako herria jasaten dabilen sarraskiaren aurrean, Zaldibarko Udalak hango iheslariak laguntzeko erabakia hartu du: 3.000 euroko dirulaguntza eman dio UNRWA erakundeari, hau da, Palestinako errefuxiatuak laguntzeko Nazio Batuen agentziari. 

Momentu honetan, erakundeak 5 milioi palestinarri baino gehiagori eskaintzen die arreta, babesa eta defentsa. Horietako 1,4 milioi Ekialde Hurbileko 58 kanpalekutan bizi dira, UNRWA agentziaren bitartekaritzagaz. Kanpalekuok Palestinako Gazan eta Zisjordanian daude, batetik, eta Jordanian, Sirian eta Libanon, bestetik. Nazio Batuen agentziak hezkuntza, osasun zerbitzuak, etxebizitza eta Giza Eskubideen babesa eskaintzen dizkie errefuxiatu palestinarrei, bakea, kultura-aniztasuna eta genero-berdintasuna sustatuta. 

Eneritz Azpitarte alkateak berretsi duenez, “Zaldibarko Udalak, bere txikian, eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu Palestinako herritarrei laguntzeko”. Zaldibar "herri solidarioa" dela gogorarazi du, eta herritarrak deitu ditu "Palestinako herriari elkartasuna adierazten eta Israelen erasoak salatzen jarraitzera": "Ez dezagun beste aldera begiratu", esan du.

Azken egunetan, Israelek Gazako palestinarrak lekualdatzeko agindua eman du. Bonbaketek eta erasoek ere bere horretan jarraitzen dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!