Pello Zabarte zaldibartarrak irabazi du IV. Durangaldeko Gazte Ikerlarien sariketa

Anboto 2025ko uzt. 2a, 15:28

@gerediagaelkartea

Gerediaga Elkarteak antolatzen duen Durangaldeko Ikerlari Gazteen laugarren deialdia Pello Zabarte zaldibartarrak irabazi du, Bitor Garitaonandiari buruz egin duen lanagatik. Sari banaketa uztailaren 12an Zaldibarko ondarea eta historia ezagutzeko antolatu dagoen bisita gidatuaren amaieran. 

Zabartek aurkezturiko lanak Bitor Garitaonandia. Euskal Pizkundean dagokion lekuaren bila izenburua dauka, eta XX. mendearen lehenengo herenean jardun zuen idazle, dramaturgo, musikari, kazetari eta elizgizon zaldibartarraren jarduna aztertu du. Euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuagaz, lan egin zuen Garitaonandiak hainbat diziplinatan, eta ikerketa honek, haren bizitza eta obra argitara ekarri nahi ditu. Iune Ruiz Taglek, Iruri Altzerreka Martinezek eta Libe Solagaistua Zabalak osatu duten epaimahaiak, lana "sakona eta irakurterreza" izatea nabarmendu dute. "Metodo biografikoa darabil bestelako ikuspuntu gaurkotu batetik. Euskararen bultzatzaile izan zen Durangaldeko figura historiko ezezagun bat azaleratzen du modu dibulgatzaile eta hezitzailean", gehitu dute. Guztira, 35 urtetik beherako zortzi ikertzailek aurkeztu dituzte euren lanak deialdira. 

Sari banaketa

Zabartek, jaioterrian jasoko du saria, Zaldibarren, uztailaren 12an. Lan irabazlea aletuko du, eta 1.500 euroko saria jasoko du ekitaldian. Datorren urtean, gainera, Astola aldizkarian argitaratuko dute bere lana. Aurretik, 11:00etan hasita, bisita gidatua egingo dute, eta bertan ospitale psikiatrikoko kaperan sartzeko aukera egongo da. Bisita gidatuan izena ematea doakoa da; hala ere, derrigorrez eman behar da izena aurretik, gerediaga@gerediaga.eus helbidera idatzita edo 946818066 telefono zenbakira deituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!