Hainbeste aldiz jokatuta, inoiz lortu duzue txapelketa irabaztea?
A.M.: Bai. Orain 15 bat urte, Zaldibarkoa ez ezik, Berrizko, Mallabiko eta Ermuko futbito txapelketak irabazi genituen urte berean.
R.R.: Behin, Berrizko txapelketa elkarrekin irabazi genuen. Zaldibarko onenak batu ginen talde hartan.
Txapelketa osasuntsu dago ala sasoi hobeak bizi izan ditu?
R.R.: Sasoi hobeak bizi izan ditu. Lehenengo hamarkadan, 30 taldetik gora batzen ziren. Aurten 13 talde daude, iazko kopuru bera. Garai batean, herri askotan zeuden futbito maratoiak: Berrizen, Elorrion, Mallabian, Ermuan… Zornotzan ere ezagutu izan dut. Orain Berrizen ez dago, eta Mallabian ere ez. Gehienak desagertuta daudela esango nuke.
Ardoak hobera egiten du urteen poderioz. Eta, zuen jokoak?
R.R.: Garai bateko sasoirik ez, baina gerra emateko prest gaude.
A.M.: Esan dezagun orain gurago dugula pasea geuk eman, espaziora korrika egin baino (barrez).
Zuen ibilbideak errekonozimendua izan du. Omenaldiak jaso dituzue.
R.R.: Zalduaren kamiseta bana oparitu digute. Niri orain urte bi, eta Alexi iaz. Errokonozimendu polita da, eta esker oneko gaude.
Badakizue omenaldiei buruz zer esaten den, ezta?
R.R.: Erretiratzeko sasoia dela, ezta? Bada, ez da gure kasua.
A.M.: Nik, badaezpada, iaz aurreratu nuen aurten ere jokatuko nuela! Aurten biok talde berean jokatuko dugu gainera, Karobi taldean.
Zein da txapelketan bizi izan duzuen unerik dibertigarriena?
R.R.: Gogoan dut 'Los Cannabis 500' taldea, La Estacion tabernan batzen zen Zaldibarko kuadrilla batena. Gehienak ez ziren futbolean ibiliak, eta bazekiten ez zutela irabaziko, baina ikuskizuna ematen zuten. Jende asko joaten zen eurak animatzera.
Zein da bizitako porrot garratzena?
R.R.: Hiru urtez segidan finalak galdu izana, talde beraren kontra gainera: 'Cacique 500' taldea, ermuarra. Oso onak ziren, urte haietan ezinezkoa zen eurei irabaztea.
A.M.: Nire lehen parte-hartzean, 16 urterekin, finalerdietan kanpoan geratu ginen, penaltietan. Momentu horretatik aurrera, txapelketa irabaztea nuen helburu bakar. Urte batzuk joan ziren eta kostatu zen, baina azkenean lortu nuen.
Richard zelakoa da Alex futbolista moduan?
R.R.: Erreferente bat herrian. Bilbao Athleticen aritu zen, jubeniletan, eta gutxi falta izan zitzaion saltoa emateko. Seguruenik Zaldibarrek eman duen futbol jokalaririk onena da, Jose Luis Mendilibarrekin batera.
Alex, zer diostazu Richardi buruz?
R.R.: Hauspoa du, eta korrika egiten ez da aspertzen. Defenda zaitzan nahi ez duzun jokalaria da.
Txapelketan Var-a jartzearen alde zeundekete?
R.R.: Adin honetan ez zaigu komeni. Ez letorke ondo gure trikimailu txikietarako: aurkariari heldu… (barrez)
A.M.: Eztabaida gehiago legoke. Ondo gaude gauden moduan.