"Androk bihotz gehiago dugu gobernatzerakoan"

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 21a, 10:30

Orain 30 urte zabalduriko bidea eskertzeko, Zaldibarko Udalak omenaldi hunkigarria egin zion Blanca Onaindiari joan zen zapatuan. 1995-1999 artean izan zen herriko alkate, EAJren banderapean, eta bidea zabaldu zien ondorengo arduradunei. Eneritz Azpitarte egungo alkateak ohorezko aginte makila eskaini zion Onaindiari. Han baturikoek txalo zaparrada bategaz jaso zuten aitortza. Ekitaldira ez zuten hutsik egin Zaldibarko koralak, dantzariek eta txistulariak. ANBOTOk omenaldia amaitu berritan elkarrizketatu zuen Onaindia. 

Zelan jaso duzu aitortza?
Ikaratuta nago; ez nuen uste omenaldira hainbeste herritar joango zenik. Oso-oso pozik eta eskertuta nago. Izan ere, horrelakoa da gure herria. Halakoxea da Zaldibar.

Zelakoa da, ba, herria?
Udalean alkate egon nintzenean, ez ziren hain sasoi onak izan. Ez zegoen dirurik, aurretik lan asko egin ziren eta. Akorduan daukat herriko elkarte eta eragile guztiengana joan nintzela oso diru gutxi geneukala esatera. Gastuak eta halakoak zorrotz zaindu behar genituela komentatu nien. Eta inortxok ere ez zuen trabarik ipini. Denak elkarlanerako prest agertu ziren. Eskertzeko modukoa dela iruditzen zait. Legealdi bi egin nituen udalean. 1991-1995 legegintzaldia zinegotzi legez; eta 1995-1999 aroa, alkate legez. Oso esperientzia positiboa izan ziren urte haiek. 

Eta hara non, zu izan zinen Zaldibarko lehenengo emakume alkatea.
Halantxik tokatu zitzaidan. Nik ez nion aparteko garrantzirik eman. Gainera, eskualdean beste emakume alkate bi ere bazeuden garai hartan: Rosa Mari Ostogain Berrizen, eta Pilar Ardanza Durangon. Neure artean pentsatu nuen: zergaitik ez? Eta halantxik, erabakiagaz aurrera egin nuen. Gainera, herria ezagutzen nuen, gazte-gaztetatik dantzan eta koralean ibilitakoa naizelako.  

Omenaldiko hitz hartzea erabakitzea gatx egin zaizu? 
Ez da gatxa izan. Batetik, argi neukan familia aipatu gura nuela, beharbada, sekula ez ditut-eta behar den beste eskertu. Izan ere, zortzi urte haietan ordu asko egin nuen etxetik kanpora. Bestetik, desio bat plazaratu dut. Niri egindako omenaldia Zaldibarko emakume guztiekin partekatu gura dut. Uste dut emakumeok inportantzia handia dugula herrietako egunerokotasunean. Gauzak egiteko beste era bat dugula esango nuke, beste pentsamendu bat, gobernatzeko beste era bat. Gaur egun gauzak aldatu egingo ziren, baina sasoi hartan halantxik ikusten nuen. Bihotz gehiagogaz jarduten genuela esaten nuen orduan.

Zelan ospatuko duzu gaurko omenaldia?
Lagunekin batu eta pintxo bat eta pote bat hartzera joango naiz. Izan ere, zer hobeto ospatzea baino? 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!