[ARGAZKI GALERIA]: Blanca Onaindia, Zaldibarko lehenengo emakume alkatea, omendu dute

Anboto 2025ko eka. 14a, 16:12

Zaldibarko Udalak Blanca Onaindia Garitaonandia omendu du eguerdi honetan, udalerriko lehenengo emakume alkatea. Eneritz Azpitarte alkateak ohorezko aginte makila eman dio Onaindiari, herritar guztien izenean.

Onaindiak eskerronez eta hunkituta jaso du aitortza: “Poz-pozik nago, emozioz beterik, eta opari eder hau zuei eskertu guran”. Duela 30 urte izan zituen bidelagunak gogoratu ditu, hala nola bere senarra eta seme-alabak. “Hemen zaudeten guztiok ondotxo dakizuenez, garai hartan familia eta beharra bateratzeak lan handia eskatzen zuen, eta nire familiako kideek, senarrak, seme-alabek, osabak, amamak, ondoan izan nituen”, azaldu du. Gainera, Onaindiak desberdinen arteko elkar-ulertzea azpimarratu du, eta herriko emakume guztiekin partekatu du gaurko aitortza: “Honako hau da nire gaurko desioa: omenaldi hau Zaldibarko andre-emakume guztiei zabaltzea, era batera edo bestera herriari bizitasuna ematen dioten emakume guztiei eskaintzea. Egin dezagun Zaldibar pozgarri eta baketsua denon artean”.

Eneritz Azpitarte alkateak gogoratu duenez, Onaindiak mugarri bat ezarri zuen ordura arte gizonezkoena bakarrik izandako ardura postuan. Eskerrak eman dizkio duela 30 urte bidea irekitzeko hartutako konpromisoagatik, eta gogoratu du mugarria ipintzeaz gainera, Onaindiak lan konprometitua egin zuela Zaldibarren, Euskal Herriaren eta zentzurik zabaleneko politikaren alde, 1995 eta 1999 artean. Gainera, une hartatik gaur arte, egoera irauli egin dela nabarmendu du egungo alkateak: “1995eko udalbatza 9 gizonek eta 2 emakumek osatzen zuten; 30 urte beranduago, 2025ean, 9 emakumek eta 2 gizonek osatzen dugu udalbatza. Aurrerapausoa da, baina oraindik lana daukagu egiteko”, esan du. Era berean, gogoan izan du Onaindiaren eta beraren arteko denbora tartean beste emakume bi ere izan direla Zaldibarko alkate: Idoia Mendiolagaray eta Arantza Baigorri.

30 urte

Blanca Onaindia 1995ko ekainaren 17an izendatu zuten Zaldibarko alkate, eta egun hartan bertan hartu zuen herriko aginte makila. Gaurkoan, berriro ere hartu du euskal makila, ohorezkoa oraingo hau, Eneritz Azpitarte alkateak udal osoaren izenean eskutik eskura eman diona. Honako inskripzio hau dauka makilak: Emakumeentzako bide-urratzaile. Esker onez, duela 30 urte hartutako konpromisoagatik. Blanca Onaindia Garitaonandia.

Era berean, azpimarratzekoa da Zaldibarko hainbat elkartek omenaldiari egindako ekarpena. Batetik, herriko dantzariek eta txistulariak ohorezko agurra eskaini diote Onaindiari. Bestetik, Zaldibarko Koralak ekitaldia ireki du, kantuz. Horiez gainera, herriko hiru alderdi politikoetako eta Batzar Nagusietako ordezkarik ere ekitaldian izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!