Zaldibarko Udalak etxebizitza alokatzeko dirulaguntzak prestatu ditu gazteentzat

Anboto 2025ko eka. 4a, 12:30

Zaldibarko Udalak ordenantza berri bat egin du, 18-35 urte bitarteko gazteei emantzipaziorako dirulaguntzak eskaintzeko. Laguntzak udazkenetik aurrera eskatu ahalko dira udaletxean.

Zaldibarko Udalak ordenantza berria onartu du, herriko gazteei etxebizitza alokatzen laguntzeko asmoz. Araudi berriak aho batez egin du aurrera, udalbatzako kide guztien oniritziarekin. Udalak 9.000 euroko diru-atala prestatu du, ekitaldi honetarako. Era berean, arauan dirulaguntzak jaso ahal izateko irizpideak eta baldintzak zehaztu ditu udalak. Batetik, eskaera egiten duten herritarrek Zaldibarren egon beharko dute erroldatuta, eta alokatutako etxebizitzak udalerriko mugen barrukoa izan beharko du. Bestetik, etxebizitza unitateko diru-sarrera gordinen gehienezko kopurua 29.263,87 eurokoa izango da eskatzaile bakarra dagoen kasuetan, eta 35.832,78 eurokoa etxebizitza-unitateko eskatzaileak bi edo gehiago badira. Beste irizpide bat etxebizitzaren alokairuaren kostua da. Laguntza jaso ahal izateko, errentak ezingo du 700 euroko langa gainditu. Azkenik, udalak zehaztu du dirulaguntzaren zenbatekoa 100 eurokoa izango dela gehienez, eta iraupena 12 hilabetekoa izango dela.

Eskaerak, udazkenetik aurrera

Esan bezala, ordenantza berria asteazkeneko osoko bilkuran onartu zuten ordezkari politikoek, baina dirulaguntzak udazkenean eskatu ahalko dira udaletxean, bien bitartean, arauari alegazioak aurkezteko epea egongo da-eta indarrean. Edozelan ere, udalak aurreratu du arauak atzeraeraginezko izaera izango duela, hau da, 2025eko urtarriletik aurrerako alokairuak lagunduko dituela. Eneritz Azpitarte alkateak gogoratu duenez, “etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta gazteek emantzipatzeko eragozpenak dituztela ikusita, erakunde publikoek behar-beharrezkoa dute gaiari heltzea. Hori dela eta, Zaldibarko Udalak, bere esku dauden neurriak hartuko ditu herriko gazteria emantzipatzen laguntzeko, ordenantza honekin egin bezala”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!