Zaldibarko Olazarmendi klubeko kimuen taldeak, Nerea Antón eta Elene Agirrebeña gimnastek osatutakoa, Euskadiko txapeldun izan da asteburu honetan Gasteizko San Andres kiroldegian jokatutako Eskola Jokoetan.
Ez da izan asteburuko hitzordu bakarra. Domekan Euskadiko txapelketarako sailkapena lortu ondoren, Olazarmendiko gazteen A taldea Durangon lehiatu zen. Datorren zapatuan, berriz, kadeteen txanda izango da; baita Euskadiko egungo txapelduna den Malen Dueñas eta bakarkako modalitatean estreinatuko den Irati Jaiorena ere.
Eider Agirreren lorpena
Olazarmendiren denboraldi-amaiera berezia izango da aurten. Urtero ospatzen duten ikasturte amaierako jaialdiaz gainera —ekainaren 15ean izango da—, klubak une historikoa biziko du: lehen aldiz parte hartuko du Banakako Maila Absolutuko Espainiako Txapelketan, ekainaren 18tik 22ra Guadalajaran jokatuko dena. Bertan, Eider Agirre izango da klubaren ordezkaria, oinarrizko kategoriako Espainiako txapeldun geratu ostean maila absolutura igotzea lortu baitu.