Gaur Euskal Herriko Gazte Feministek Zaldibarren urriaren 31tik azaroaren 2ra Zaldibarren antolatu duten Baterajotzea aurkeztu dute. Adierazi dutenez, gaur egungo egoeran "pobrezia, krudeltasuna eta odolusteak dira nagusi". "Neoliberalismoaren pribatizazio politikak, emakumeen lan karga bikoitza, migrazio politikak, etxegabetzeak, gazte independentisten kriminalizazioa, krisi ekologikoaren ukazioa, Palestinaren aurkako genozidioa... Beldurraren kultura dela medio, immobilismoa bultzatu nahi da". Horri aurre egiteko "prest dauden mugimendu antolatuak" daudela azpimarratu dute.
Gazte feministek nabarmendu dute "Euskal Herriko feminismoaren genealogiatik borrokarako grina, analisi zorrotza eta desobedientzia" jaso dituztela, eta historian zehar "ilusioz eta amorruz" aritu direla. Horregatik, egungo borroka testuinguruan “gureak ez diren gerren aurrean intsumisioz” erantzuten dutela diote, eta, aldiz, “gure aurkako gerrak” izendatzen eta ikusgai egiten dituztela.
Lubaki feministetatik "gorputzen, herrien eta bizitzen burujabetzaren aldeko apustua" berresten dute: "Espazio publikoa hartzeko, kontakizuna, autodefentsa eta konspiraziorako gaitasuna berreskuratzeko tresna izango da Baterajotzea". Aldi berean, "feminismoaren aurkako erasoen, misoginia modernoaren eta lege errepresiboen aurrean antolakuntza feministaren defentsan" jarraitzeko deia egin dute. “Ortzimuga feminista marrazteko unea izango da”, adierazi dute amaitzeko gazte feministek.