Olazarmendi taldeko Hodei Rivas Espainiako txapeldun

Anboto 2025ko api. 19a, 19:32

12 urterekin, Rivasek Espainiako txapeldun izatea lortu du, atzera ere, kategoria infantilean. Nerea Gómez eta Ana Fernández de Arroiabe taldekideek ere erakustaldi bikaina egin zuten Espainiako txapelketan.

Joan zen asteburuan, Espainiako gimnasia erritmikoko txapelketa jokatu zen Guadalajaran, eta Zaldibarko Olazarmendi taldeko kideek erakustaldi aparta egin zuten bertan. Batetik, Hodei Rivasek Espainiako txapeldun izatea lortu zuen infantil-base kategorian. Rivasek "errutina ezin hobea egin zuen arlo teknikoan eta artistikoa", eta erakustaldia "berarentzat bereziki konposatutako pieza musikal baten erritmoan" borobildu zuen, Olazarmendiko iturriek azaldu dutenez. Bere saioarekin "publikoa eta epaimahaia hunkitu zituen", eta Espainiako txapelketa irabaztea lortu. Era horretan, Rivasek bigarren urtez jarraian poltsikoratu du urrezko domina Espainiako txapelketan.

Bestetik, lxapelketan Olazarmendiko Nerea Gómez eta Ane Fernández de Arroiabe taldekideek ere parte hartu zuten. Klubak adierazi duenez, ez zuten Rivasek beste distira egitea lortu, baina biek ala biek ederto batean erakutsi zuten beren talentua: "Egundoko denboraldia egin dute, eta entrenamenduek konstanteak, gorabeherarik gabeak, izan behar dutela erakutsi", azaldu dute Olazarmendiko iturriek. Taldeak gogoratu duenez, Gómez Euskadiko txapeldun da, une honetan, bere kategorian.

Horrenbestez, Zaldibarko espedizioa, Itsaso eta Laura entrenatzaileak buru, urrezko domina berri batekin bueltatu da etxera. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!