"Liburutegiaren erabilera asko hazi da 15 urtean"

Ekaitz Herrera 2025ko api. 15a, 10:30

Zaldibarko udal liburutegiak irakurzaletasuna puri-purian dagoela ospatuko du bere 15. urteurrena. Efemeridea ospatzeko, hile honetan zehar liburutegian libururen bat, DVDren bat edo musika diskoren bat mailegatzen duenak opari txiki bat jasoko du trukean: liburutegiaren diseinuagaz egindako arkatza. Horrez gainera, apirilaren 23an eta 24an mailegatzaileek arrosa bana jasoko dute opari, Katalunian Sant Jordi egunez ospatzen den antzera. Jabi Vidal da Zaldibarko liburuzainetariko bat, Nuria Alzagagaz batera. 

Zorioneko zaudete, liburutegiak 15 urte bete ditu eta. Lehenik eta behin, zorionak!
Hamabost urte egin ditugu hemen, baina kontuan hartu behar da zerbitzua beste kokaleku batean egon zela aurretik, liburutegi zaharrean, hain zuzen ere. Gaur egungo hau 2010eko apirilaren 23an zabaldu genuen, Liburuaren Nazioarteko Egunean. 

Zein da 15 urteotako balantzea?
Zerbitzuaren erabilera asko igo da. 2015ean, adibidez, 4.956 liburu mailegatu ziren udal liburutegian; iaz, ia hamar urte geroago, 5.535 izan ziren, 500 gehiago. Zaldibarren moduko herri txiki batentzat joera ezin hobea dela esango nuke. Bestalde, adierazgarria da azken urte hauetan behera egin dutela DVD filmen eta musika diskoen mailegatzeek. Seguruenik, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko plataformek eragina izan zuten horretan. Lehen ez genuen dirurik ordaintzen telebista ikusi ahal izateko; orain, bai. Lehen DVD irakurgailuak genituen etxean filmak ikusi ahal izateko; orain, ostera, ez dugu halakorik. Edozelan ere, deskribatutakoa ez da Zaldibarko joera bakarrik, gizarte osokoa baino.  

Liburuen mailegatzeak goraka doaz. Zaldibar herri irakurzalea dela esan daiteke.
Baietz esango nuke, negu inguruan eta opor atarietan, batez ere. Mailegatzeek gora egiten dute sasoi horietan. Jendeak liburu dezente hartzen du.

Zein da gehien mailegatzen den literatura generoa?
Urte osoan zehar gehien mailegatzen dena nobela da. Edozelan ere, apiril eta maiatz aldean bidaia-liburuek eta mendi-gidek asko egiten dute gora. 

Zeintzuk dira aurrera begirako asmoak?
Urtean zehar agenda oparoa dugu. Urritik martxo aldera ipuin kontalariak izaten ditugu, baita irakurketa tailerrak ere 3 urtetik 5 urtera arteko umeentzat. 6tik 11 urtera arteko haurrentzat eskulanak edo marrazki tailerrak egiten ditugu. Oso erantzun ona izaten dute. Etorkizunera begira, albisterik onena kultur etxea egitea litzateke. Polita litzateke hemendik lasterrera beste liburutegi batean egotea, beste funtzio batzuek lagundutako leku batean, hain zuzen ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!