Zaldibarko udal liburutegia ospakizunetan murgilduko da apiril honetan, kokaleku berria estreinatu zuenetik hona 15 urte bete direla ospatzeko. Udal liburutegi berriak 2010eko apirilaren 23an zabaldu zituen ateak, Liburuaren Nazioarteko Egunez. Orain, hilabete honetan zehar, zerbitzuak efemeride hori ospatuko du herritarrekin batera: liburuak, filmak edo diskoak mailegatzera gerturatzen direnek opari txiki bat jasoko dute trukean: Zaldibarko udal liburutegiaren arkatza. Horrez gainera, aurtengo apirilaren 23an, behar bezala ospatuko dute urteurrena, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginda. Apirilaren 23an eta 24an maileguren bat egiten dutenek arrosa bat jasoko dute opari, Katalunian Sant Jordi egunez ospatzen den antzera.
Zerbitzu arrakastatsua
Azken urteotan, erabiltzaile kopuruak gora egin du udal liburutegian. “Hamabost urte hauetan asko igo da zerbitzuaren erabilera, liburuen maileguei dagokienez, batez ere. 2015ean, adibidez, 4.956 liburu mailegatu ziren udal liburutegian; iaz, ia hamar urte beranduago, 5.535 izan ziren, 500 gehiago. Zaldibar moduko herri txiki batentzat joera ezin hobea da”, azaldu du Javi Vidal udal liburutegiko arduradunak. Nuria Alzagarekin batera, bera arduratzen da zaldibartarrei zerbitzua emateaz.
Uneotan, udal liburutegiak 1.598 bazkide ditu. Aurrerantzean ere, zerbitzua erabiltzera eta irakurketaz gozatzera deitu dute udal liburutegiko arduradunek.