18:00etan txokolatada eta kartulinak margotzeko tailerra egingo dituzte umeentzat; gero, 18:30ean, elkarretaratzea. Udaletxeko plazan egingo dituzte ekintzok. Elkarteak Ikuspegiren datuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Immigrazio Behatokiaren estatistikak gogoratu ditu errealitatearen berri emateko. "Gorroto-delitu xenofobo eta arrazistak EAEn erregistratutako gorroto-delituen % 64 dira, sexu joeragaitiko delituen oso gainetik (% 15)". Gainera, delitu arrazistak "% 23 igo direla" adierazi du Zaldibarko Jendeak elkarteak.
Argitalpen berria
Aipaturiko guztiez gainera, Zaldibarko Jendeak elkarteko kideak aurreiritzien kontrako lanketa egiten ibili dira era komunikatiboan. Izan ere, udalerriko gazte arrazalizatuei buruzko argitalpen monografikoa kaleratu eta banatu dute oraintsu etxerik etxe. Bertan, gazteek gai hauen gaineko gogoeta egin dute: jatorri herrialdeak, migratzeko arrazoiak, egoera ekonomikoa, eskolako giroa, herriko eragileak eta etorkizuna.