Zaldibarko mendi jardunaldiek 9. aldia beteko dute aurten, eta askotariko emanaldi eta berbaldiek osatzen dute egitaraua.
Lehenengo hiru ekimenak liburutegi zaharrean dira. Hasteko, martxoaren 27an, Erro film laburra emango dute. Amaia Lejarreta artista durangarrak zuzenduriko lehen ikus-entzunezkoa da, body paint-a eta Janire Etxaberen dantza bertikala uztartzen dituena. Proiektu honen bidez Lejarretak lurraldea, espazioa/denbora, memoria, identitatea eta gorputzaren bidezko bizitzaren zikloak bezalako kontzeptuak islatzen ditu. Bai Lejarreta eta bai Etxabe emanaldian izango dira.
Apirilaren 3an, Mendi Film jaialdiko lau film proiektatuko dituzte: Haize lerroak, The Ice Builders, Andrea, an unpaved route eta Zazpi. Azken honek euskarazko filmik onenaren saria irabazi zuen iaz.
Apirilaren 7an, sortu berria den Durangaldeko Kopa aurkeztuko dute, eskualdeko zortzi mendi lasterketek osatzen dutena. Zaldibarko Zaldutrail Koparen barruan dago eta lasterketa honi buruzko azalpenak ere emango dituzte. Ondoren, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak berbaldia emango du. Bere esperientziatik, emakumeak mendi lasterketen munduan izandako garapena izango du berbagai.
Azkenik, apirilaren 10ean, Mikel Perez irundarrak 10 urtez munduan zehar bizitakoak kontatuko ditu. Europako, Asiako, Afrikako eta Ozeaniako hamaika kultura ezagutu zuen hamarkada bat iraun zuen abenturan. Etnia eta tribu horien eguneroko bizitza zelakoa den erakutsiko du, haien ohiturak, gastronomia, hizkuntza eta harremanak izateko modua. Azken ekimen hau Zaldibarko liburutegian izango da.
MARTXOAK 27, EGUENA
- 19:00 Erro film laburraren emanaldia. Amaia Lejarreta zuzendariarekin etra Janire Etxabe dantzariarekin. Liburutegi zaharrean.
APIRILAK 3, EGUENA
- 18:30 Mendi Film jaialdiko dokumental emanaldia: Haize lerroak, The Ice Builders, Zazpi, Andrea, an unpaved route. Liburutegi zaharrean.
APIRILAK 7, ASTELEHENA
- 18:00 III. Zaldutrail eta Durangaldeko Koparen aurkezpena. Liburutegi zaharrean.
- 18:30 Oihana Azkorbebeitia: 'Mendi lasterketak eta emakumeak'. Liburutegi zaharrean.
APIRILAK 10, EGUENA
- 18:30 Mikel Perez: 'Perdidos en las tribus'. Liburutegian.