"Zaleengandik hurbil gaude erosoen"

Aritz Maldonado 2025ko mar. 14a, 11:30

Armarri. SUTXART

Debuteko kontzertua eman eta urte eta erdi eskasera, Armarri laukoteak debuteko diskoa aurkeztuko du. "Ez dugu Zaldibarren jo lehenengo kontzertu hartatik, eta gaztetxea leku berezia iruditzen zaigu, bai lana aurkezteko eta baita lagunak batzeko ere", azaldu du Aritz Aranburu 'Tarran'-ek; beragaz batera, Iune Ruiz eta Martin Sarasketa berriztarrek eta Kepa Bruña arrasatearrak osatzen dute Armarri. Lagun arteko festa antolatu dute aurkezpenaren barruan. Armarrigaz batera, Ezta Ilen zaldibartarrek, Worth It berriztarrek, Baixa Permanent katalanek eta Agur gernikarrek joko dute. 

Urte eta erdiren ondoren, kontzertua joko duzue.
Aritz Aranburu 'Tarran': Oso gogotsu gaude lehenengo disko hau Zaldibarren aurkezteko, eta neurri batean da debuteko kontzertutik ez dugulako bertan jo. Gaztetxea, gainera, leku polita da lana aurkezteko, lagunak batzeko, eta gaztetxeko egitaraua bera sendotzeko ere bai. Debutekoa Sorginen egin genuen, eta zeozer "handiagoa" egin gura genen aurkezpenerako; bere sasoian, Worth It taldeak ere antzeko zeozer egin zuen, lagun arteko festa moduko bat diskoa aurkezteko. Gainera, aspaldi ez dira gaztetxean hardcore doinuak entzuten.
Iune Ruiz: Zaldibarko musika egitaraua Sorgin eta gaztetxe bueltan batzen da urtean zehar, eta guk ere gure ekarpena egin gura genuen. Horretarako, egun osoko egitaraua dago. Arratsaldean, Azken Erromantikoak eta Rocky Violencia binilo jartzaileak egongo dira giroa berotzen, eta gero kontzertuak izango dira gaztetxean. Funtsean, lagun arteko jai bat egin gura genuen, eta aurkezpena egitea aitzakia bat da (barrez).

Urte emankorra izan duzue.
I.R.: Bai, urte eta erdi polita izan da. Pozik gaude idatzitako abestiekin, diskoa zelan geratu den, eta izan duen harreragaz. Kontzertu dezente ere eman dugu. Agur taldeko Jon De la Fuente arduratu zen grabazioaz, eta horregatik gura izan dugu aurkezpenean eurek ere parte hartzea; gainera, aurten hainbat bider eman ditugu kontzertuak elkarregaz.
A.A.: Egia esan, pertsonalki flipatu egin dut diskoak izan duen harreragaz. Lehenengo eta behin, gustura geratu gara, eta inguruko lagun eta musikazaleek ere zoriondu gaituzte. Esango nuke norbera gustura geratzea dela garrantzitsuena, baina, hori lortzeaz gainera, ingurukoek ere gustura hartzen dutenean borobila izaten dela. Cementerio Recordseko lagunek biniloan kaleratzeko proposamena bota ziguten, eta edizioa elkarregaz egitea erabaki genuen; ardura puntu hori ere bagenuen, lagunak direlako eta denak ondo irtetea gura duzulako, eta oso pozik gaude. Oso harrera ona izan du orain arte, eta salmentak ere ondo doaz. Nazioartetik ere interesa agertu dute, gure mailan beti ere, baina ilusioa egiten digu. Axio eta Anna de Abajo arduratu dira diseinuaz, eta oso txukun geratu dela iruditzen zaigu. Gure iruditegiagaz bat egiten du, gainera. 

Disko zuzena geratu zaizue.
A.A.: Diskoa zuzena eta gordina da, gu garena funtsean. Iraupena ere horrelakoa du. Guk horrela ulertzen ditugu Armarri, Armarriren jarrera eta hardcorea bera. Garen horretara fidelak izatea gura genuen: lau lagun, hardcore, punk eta oi! doinuen ingurukoak.
I. R.: Kontzertuetan ere berdinak gara, gugaz bat egiten duten lekuetan jotzen ahalegintzen gara; zaleengandik hurbil gaudenetan gaude erosoen.

Kontzertu dezente duzue aurrera begira.
A.A.: Maiatzean Ekinez jaialdian joko dugu, eta ekainean Gorilla Biscuits eta Slapshot talde handiekin. Horrelako kontzertuak sari bat dira guretzat, talde txikia garelako. Kartel horiek izan dezaketen oihartzunaz haratago, norberarentzat opari bat dira, gogoan gordeko dituzunak betirako.
I.R.: Erreferenteak diren taldeekin jotzea sari bat da, baina, gainera, lagunekin egin ahal izatea itzela da. Guk jo beharrean inguruko talde batek joko balu, sentsazioa berdina izango litzateke, eta gustura joango nintzateke emanaldira. Horrelako egunez gozatu ahal izatea opari bat da denontzat.

Musika egun osoan bafleetan

 

"Musikaren eta lagunen bueltan" batu guran osatu dute Armarriko kide eta lagunek zapatuko egitaraua. 18:00etan hasiko da jaia, Azken Erromantikoak musika jartzaileen emanaldiagaz. "Azken urteetan indartzen dabil binilo jartzaileen kultura; gu ere musika eta binilo zaleak izanda, pasio hori konpartitzeko aukera ona zela iruditu zitzaigun", azaldu dute; Rocky Violencia binilo jartzailea ere arduratuko da gaztetxeko kontzertuetarako giroa berotzeaz. Sorgin tabernatik gaztetxera jauzi egingo du egitarauak; kontzertuak 21:30ean hasiko dira. Agur, Baixa Permanent talde katalana, eta Ezta Ilen eta Worth it taldeak igoko dira Zaldibarko gaztetxeko oholtzara Armarrigaz batera. Sarrera hamar euroan erosi daiteke, egunean bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!