Zaldibarko herritarrek proiektu bi garatzea erabaki dute, boto bidez, aurrekontu parte-hartzaileetako bozketan: 0-5 urte bitarteko haurrentzako gela bat atontzea eguraldiak laguntzen ez duen egunetan erabilgarri egon dadin -proiektu horrek 4.500 euroko aurrekontua dauka-, eta Olazarko ur-txorrotak hobetzea (15.000 euro). Bozkatze-saioa joan zen martitzen arratsaldean egin zuten, Liburutegi Zaharrean. Bertan, hamabi proiektu eraman zituzten bozketara, 20.000 eurora arteko mugarekin. Han baturiko herritarren artean, aipaturiko proiektu bi horiek izan zuten babesik handiena: gela estalia atontzeko proposamenak 26 boto jaso zituen; ur-txorrotak hobetzekoak, 20. Horrenbestez, herritarren eskariak bere eginda, Zaldibarko Udalak proiektuok urte honetan garatzeko konpromisoa hartu du.
Eneritz Azpitarte alkateak eskerrak eman dizkie aurrekontu parte-hartzaileetako prozesuan esku hartu duten herritarrei. Bai proposamenak egiten parte hartu dutenei, baita bozketan parte hartu dutenei ere. Era berean, herritar guztiak animatu ditu etorriko diren parte-hartze saio berrietan esku hartzera: “Arrekontuak erabakitzeko saio parte hartzaileak onuragarriak dira herriarentzako. Proiektuak aberasten dituzte, eta herriko instalazioak zein zerbitzuak hobetu. Aurrerantzean ere ildo horretatik jarraituko dugu, Zaldibar hobetzen; herritarren eta udalaren elkarlanean sakontzen”, adierazi du Azpitartek.