Milaka hondakin tonaren amiltzea. Horixe gertatu zen 2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling zabortegian. Hondakindegiko langile bi hondakin artean harrapatuta hil ziren: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Durangaldean bertan inork gutxik ezagutzen zuen hondakindegia albistegi guztietan azaldu zen. Euskal Herrian inoiz gertaturiko ingurumen hondamendirik handienetarikoaren dimentsioa kapituluka aletu zuten. Hondakin artean aurkituriko amiantoak alarma gorria piztu zuen. Suteak piztu ziren mendi magalean barreiatutako hondakinen artean. Airearen kalitatea izan zen hurrengo ardura. Izan ere, dioxina eta furano tasa handiak topatu zituzten hurrengo egunetan. Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko bizilagunei leihoak zarratzeko eskatu zieten.
Egoera horren aurrean, Eitzagako auzokideek eta inguruko herritarrek ardura adierazi zuten. Ardura eta baita haserrea ere. Ezinegon hori guzti hori otsailaren 15ean Eitzagan amaitu zen manifestazio jendetsuak erakutsi zuen. Zabortegia amildu izanaren ondorioz, auzibide bi zabaldu zituzten Durangoko Epaitegian. Lehenengoa zarratu egin zuten, hiru akusatuek (enpresaren arduradunak) fiskaltzagaz eta hildako beharginen familiekin akordioa lortuta.
Bigarren auzibidea, ingurumen delituena, oraindino instrukzio fasean dago. Zaldibarko Udala akusazio legez aurkeztu da prozesu judizial honetan. Zaldibar Argitu, Ekologistak Martxan eta beste eragile batzuk ere akusazio legez dabiltza horretan. Zaldibarko Udalak adierazpena onartu du azken osoko bilkuran, aho batez. Idatzi horretan hauxe azaldu dute: "Amiltzearen inguruko erantzukizun guztiak argitzeko eskaera egiten du udalak, eta, helburu horregaz, bere eskura dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen du".
"Gertatu zena ahaztu egin da"
Auzokideei dagokienez, "arduratuta" jarraitzen dute hondakindegiaren egonkortasuna dela eta. Izan ere, Jaurlaritzaren 2023ko txosten batek zabortegiaren egonkortasuna "arriskuan" zegoela erakutsi zuen. "Zigilatzea behin behinean egin dute eta sentsazioa dugu honek ez duela amaierarik. Eta prozesu judizialagaz ere berdin gertatzen da", azaldu du Oscar Morales auzokideak. Bestalde, Etxebarri eta Olaetxe baserrietako bizilagunek espropiazio prozesuan "borrokan" jarraitzen dutela azpimarratu du Moralesek. Inguruko lurjabeek zabortegia egongortzeko prozesuan jasan duten albokaltea izan da. Kutsatutako lurrek inguru horretan jarraitzen dute, eta horietako batzuk "babestu barik" daudela diote. "Gertatu zena ahaztuz doa apurka-apurka. Eitzagan 20 lagun bizi dira, baina hondakindegian zerbait gertatuz gero, edo ingurumen eraginen bat balu, inguruko herrietan ere ondorioak pairatuko lituzkete", argitu du Eitzagako bizilagunak.