Erabilera anitzeko gela berritu dute Zaldibarren

Anboto 2025ko ots. 5a, 13:15

Zaldibarko Udalak bukatu egin ditu liburutegi zaharra egokitzeko lanak. Hala, bertako baliabideak berritu ditu, eremua egungo beharrizanetara eta bertan antolatzen diren ekitaldien ezaugarrietara doitzeko.

Irailean hasitako obrak amaituta, Zaldibarrek erabilera anitzeko gela berritua estreinatu du. Hilabete hauetan guztietan, azpiegitura gaur egungo premietara egokitzeko lanak egin dituzte. Hala, lokalaren ezaugarri teknikoak hobetu dituzte, gaur egun bertan antolatzen diren ekintzei –hitzaldiei, proiekzioei eta tailerrei- begira.

Batetik, hobetze lanak egin dituzte lokaleko akustikan eta argiztapenean, eta baliabide tekniko berriak jarri ikus-entzunezkoei begira. Bestalde, isolamendu termikoa hobetu, klimatizazio sistema ipini eta altzariak berritu dituzte. Azken hauek guztiz berritu dira, eremuari homogeneotasun bat eskaintzeko asmoz. Horrez gainera, sarrerako eta komunerako irisgarritasuna hobetu dute.

Obraren inbertsioa 94.192,45 eurokoa izan da. Kopuru horretatik 62.038 euro Bizkaiko Foru Aldundiak ipini ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!