Zaldibarko Udalak eskolako patioa handitzeko lanak hasiko ditu

Anboto 2025ko ots. 4a, 08:59

Udalak 250.000 euro bideratuko ditu eremua handitzeko eta eraberritzeko proiektura; jolastokiak 1.500 metro karratuko azalera gehigarria irabaziko du, berdegune bat barne.

Zaldibarko Udalak eskolako patioa handitzeko eta eraberritzeko obrak hasiko ditu, eskola komunitatearekin elkarlanean. Udalak 250.000 euroko diru-atala erabiliko du lanok egiteko, eta horri eskerrak, eskolako patioak 1.500 metro karratuko azalera gehigarria irabaziko du, berdegune bat barne. Obrak gauzatzeko proiektua lehiaketa publikoan dago jada.

Berdegune berria

Zaldibarko Udaleko iturriek azaldu dutenez, "eskola komunitateko kideek askotan adierazi dute jolastokia txiki gelditu dela, eta ez dituela hezkidetzak eskatzen dituen ezaugarri guztiak betetzen". Horrenbestez, jolastokia handitzeak "hainbat onura" ekarriko dituela jakinarazi dute, "izan ere, berdegune bat sortuko da, ikasleen gozamenerako eta elkarkidetzarako aproposa izango dena". Eremu berri horrek, eszenatoki bat, ortua, baso txiki bat, begiralekua, mahaiak eta lauki itxurako egitura bat izango ditu, aterpe lanetarako. “Jolastokia handitzea ezinbestekoa da, eskola komunitateak aspaldidanik behin eta berriro egindako eskari historikoa, eta Zaldibarko umeentzat eta gazteentzat onuragarria”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!