"Masterchef saiora gonbidatu izan naute"

Aitziber Basauri 2025ko ots. 2a, 10:30

Estanis Ochoari (Zaldibar, 1972) umetatik datorkio kozinatzeko zaletasuna. Etxean ikasi du sutegi eta kazola artean moldatzen, eta oso ondo pasatzen duela aitortu du. Erosketa saileko langilea da enpresa batean (@estanisochoa).

10 urte joan dira Instagramen lehenengo errezeta sareratu zenuela. Zelan hasi zinen?
Amari eta amamari galdetutako errezetak idazteko eta gordetzeko hasi nintzen, besterik ez. Lehenengo Tumbler-en, eta gero Instragramen. Errezetak eta argazkiak mugikorrean gordetzea erosoagoa iruditzen zitzaidan, kuaderno batean barik. Ba, apurka jarraitzaileak batzen joan nintzen. Niretzat egindako zeozer zen, ez nintzen konturatu hainbeste zabaldu zitekeela. Pandemia booma izan zen.

Jarraitzaile asko batu zenuen?
Bai, nahiz eta ordurako banituen 20.000 jarraitzaile inguru. Instagram bidez ezagututako Madrileko lagun bat eta biok etxean zuzenekoak egiten hasi ginen. Geroago, kozinatzen zuten beste batzuk ere batu ziren, eta 8-10 laguneko taldea osatu genuen. Beste profil bat zabaldu genuen denon artean errezetak egiteko, eta gure profil propioan ez ezik beste horretan ere egiten genituen zuzenekoak. Jarraitzaile kopurua asko igo zen orduan, eta bistaratze mordoa izaten genuen. Bideo batzuk biralak bihurtu dira.  

Instagramen 40.000 jarraitzaile dituzu. Itxaroten zenuen halakorik?
Ezta pentsatu ere! Gainera, nik 400 bat pertsona jarraituko ditut. Inondik inora ez nuen pentsatu ogibidea hemendik ateratzea. Dibertsio hutsagaitik hasi nintzen, eta horrelaxe jarraitu gura dut. Dena dela, sare sozialak asko aldatu dira, profesionalizatu egin dira. Denbora eta lan gehiago eskatzen dute, eta ez dut maila horretan aritzeko gogorik. Egia da lan eginda lortu daitekeela bizimodua hortik ateratzea, ez hainbeste sareek emandako diruagaitik, hortik kanpora sorturiko ekitaldi edo jardunaldiengaitik baino. 

Ekitaldi askotara gonbidatu zaituzte?
Bai. Pandemia aurretik, Eltziegoko landa-etxe batean zeuden estatubatuar batzuentzat kozinatzeko ipini ziren nigaz kontaktuan AEBetatik. Iberiko-ohola eta patata tortilla prestatu nien, eta txundituta geratu ziren. Eurak ere ahalegindu ziren patata tortilla egiten. Beste behin, Masterchef saioko ekitaldi batera gonbidatu ninduten, ikusle lez. Argazki batzuk zabaldu eta story pare bat egiteagaitik ordaindu zidaten. Masterchef lehiaketan parte hartzeko castingera ere gonbidatu naute, baina ez naiz inoiz animatu. 

Non dago zure arrakastaren gakoa?
Etxean ditugun osagaiekin egin daitezkeen errezeta errazak eskaintzea, benetakoak. Arrakastarik gehien errezetarik errazenek dute. Askotan harrituta geratu naiz. Sareek jende asko ezagutu eta lagunak egiteko aukera eman didate. Horixe izan da ekarpenik handiena. Ikastaroak emateko eta Santander Food-en kozinatzeko bidea ere zabaldu didate. 

Inoiz ez diozu ezetz esango...
Arrautza eta patata frijituei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!