Zaldibarko Udalak aurrekontu parte hartzaileak egingo ditu aurten ere, eta 20.000 euroko zuzkidura prestatu du horretarako. Herritarrek urtarrilaren 20tik otsailaren 3ra arte egin ahalko dituzte proposamenak udal bulegoetan, udal liburutegian, baita udalaren web orrialdean ere. Ondoren, otsailaren 25ean, udalak herri batzarra egingo du; bertan erabakiko dira aurrekontu orokorraren zati izatera igaroko diren proiektuak.
Udalak gogoratu duenez, egin beharreko proposamenak instituzioaren eskumenekoak izan beharko dira. Gai hauetakoak: hirigintza, obrak eta zerbitzuak, berdintasuna, kultura, hezkuntza, euskara, gazteria, gizarte ekintza, ingurumena, osasuna eta herritarren segurtasuna. Eneritz Azpitarte alkateak ekarpenak egitera deitu ditu herritarrak: “Aurrekontu parte hartzaileek herritarren kezkak eta proposamenak modu zuzenean jasotzeko aukera eskaintzen digute. Zaldibar hobetzeko funtsezko tresna dira, eta oso baliagarriak udalaren eta herritarren arteko hurbiltasuna, lankidetza, sustatzeko”.