Zaldua Mendi Taldeak bere jarduera etengo du errelebo faltagatik

Anboto 2024ko abe. 20a, 11:32

Mendi taldearen jarduerei jarraipena eman nahi dieten bazkideak klubarekin harremanetan jarri daitezke.

Zaldua Mendi Taldeak bere jarduera etengo duela iragarri du asteon. 2025eko urtarrilaren 31raino aseguruak tramitatzen jarraituko dute Bizkaiko Mendi Federazioarekin, baina gainerako ekitaldi guztiak bertan behar utzi dituzte.

Mendi taldearen jarduerei jarraipena eman nahi dieten bazkideak klubarekin harremanetan jarri daitezke urtarrilaren 15era arte bi modutara: zalduamenditaldea@gmail.com helbide elektronikora idatzita ala mendi taldearen bulegotik igarota: eguenetan, 18:30-19:30 artean, Olazar futbol zelaian.

Lan talde murritza

Erabakia hartzeko arrazoi bat baino gehiago dago. Alde batetik, arlo pertsonaleko erantzukizunek eraginda, klubaren ardura zeramatenen taldea "murriztuz" joan da urteak joan ahala, Jabi Sierra mendi taldeko presidenteak azaldu duenez. Beraz, lanak gero eta jende gutxiagoren artean atera behar zituzten aurrera.

2019an antzerako egoera bat gertatu zen. Kluba desagertzeko arriskuan izan zen. Orduan, Jabi Sierra buru zuen talde berri batek hartu zuen ardura. Oraingo honetan, ordea, ez da erreleboa hartuko duenik agertu, momentuz.

Teknologia berriek mendizaletasuna ulertzeko modua aldatu dutela ere uste du Sierrak. "Lehen, mendi irteera bat antolatzerakoan, ibilbidea zekien aditu bat zegoen eta hari jarraitzen zioten denek. Gaur egun, bakoitza bere kontura ibiltzen da. Oso erraza da internetetik ibilbide bat deskargatzea eta, demagun, Pirinioetara lagunekin joatea". Ondorioz, mendi taldeak antolatutako irteeretan parte hartzen dutenen kopuruak "behera" egin du.

Gazteei deia

Balizko erreleboak hiru ezaugarri nagusi bete behar lituzke Sierraren ustez: gaztetasuna, motibazioa eta gutxieneko kopurua. Gazteak izateari abantaila bi ikusten dizkio. Batetik, egonkortasuna. "Ardura 50 urte inguruko talde batek hartzen badu, oraingo egoera berdinean aurkitu gara hemendik urte batzuetara". Bestetik, freskotasuna; hau da, gazteek hobeto ezagutzen dituzte euren adinekoen gustuak, beharbada, ekimenak gustu horietara moldatzeko aukera legoke. Motibazioa ere garrantzitsua dela uste du, hau da, "batak bestea babestu eta animatuko" duen taldea izatea. Azkenik, ardurak banatzeko gutxieneko kopuru bat izan behar luke talde berriak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!