Zaldibarko Udalak prest du datorren urteko bide orria. 3.790.521 euro izango ditu 2025a kudeatzeko, aurten baino %3,3 gehiago. Proiektuei dagokienez, honako hauek jaso dituzte, besteak beste: Plan Orokorra aldatzea eta horregaz parkeko hotela babestea zein osasun etxe berri batentzako kokaleku posiblea aztertzea, Solabarriako gimnasioan behea eta leihoak aldatzea, kalistenia parke bat ipintzea, komun publiko bat jartzea, gazteei arreta psikologikorako laguntzak ematea eta eskolako patioa handitzea. Eneritz Azpitarte alkateak eguazten iluntzeko plenoan azaldu zuenez, aurrekontuak “ongizatea hobetzeko tresna izango dira, eta baita herri biziago bat lortzeko tresna ere”. Eskolako patioa handitzeari dagokionez, 2025ean zehar hasi gura dituzte lanak. Gainera, udalbatzak kreditu moldaketa bat egitea onartu du, obrei baliabide ekonomiko gehiago emateko.
Alde eta kontra
Kontuek EH Bilduren aldeko botoekin egin zuten aurrera. EAJk kontra bozkatu zuen, baita PSE-EEk ere. Jeltzaleek onartu zuten euren proposamenetariko batzuk aurrekontuetan jasota geratu direla, baina euren iritziz gobernu taldeak “ez du nahikoa indar egin” osasun etxe berriaren kokalekuari dagokionez. Gainera, autoen aparkaleku posible biri buruzko "aipamenen falta" igarri dute. PSE-EEk N-634 errepidean semaforo eta zebrabide bana ipintzea eskatu du, baina eskari horrek ez du argirik ikusi, “eskumen hori Aldundiarena" delako, alkatearen berbetan.