Gabonak 2024

Izakirik magikoenen eta maitatuenen hitzordua

Anboto 2024ko abe. 17a, 09:50

Izakirik magikoenen eta maitatuenen hitzordua

Olentzerok eta Mari Domingik laster bisitatuko dituzte Durangaldeko etxeak. Izan kalejirak, izan opari banaketak, izaki magiko biek makina bat lan izango dute Gabon gauean. Zaldibarren, adibidez, herri ekimen batek hartuko ditu pertsonaia biak. 

Horra Mari Domingi, begira horri! edo Horra, horra! Gure Olentzero! Durangaldea prest dago gabonetako pertsonaiarik maitatuenei harrera egiteko. Besteak beste, Zaldibarren. Bertako Olentzeroren eta Mari Domingiren herri ekimenak geroago eta ikusmin handiagoa sortzen du urtetik urtera. Aurten ere, izaki magiko biek herriko umeek (eta ez hain umeek), txistulariek, trikitilariek, dantzariek, eskolako gurasoek eta Napo astoak lagunduta egingo dute etorrera. 

Egitasmoa antolatzen dabilen kideetariko bat Zuriñe Garcia da. "Oraindino kontu gutxi batzuk lotzea falta zaigu, baina aurten ere Olentzeroren eta Mari Domingiren herri ekimena izango dugu herrian. Hitzordu berezia da, herriko jendeak sorturiko eta mantenduriko ekitaldia da eta", azaldu du. "2015-2016 buelta horretan egin genuen gabonetako lehenengo herri ekimena. Izan ere, ordura arte udalak Olentzeroren panpina bat ateratzen zuen kalejiran. Castet elkarteak bere Olentzero propioa kaleratzen zuen. Azken finean, horri guzti horri forma ematea pentsatu genuen, eta Olentzero eta Mari Domingi herri ekimena sortu genuen", gaineratu du Garciak. Harrezkero, urte bat joan beste bat etorri, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera oinarri sendoko egitasmo bihurtu da Zaldibarren. "Kalejiran zehar irrintzilariak egoten dira, eskolako gurasoek salda banatzen dute, abesbatzako kideek ez dute hutsik egiten, Zaldibarko Jendeak elkarteko kideak ere bertan izaten dira eta hainbat lagunek osaturiko musika taldea ere izaten dugu. Horrez gainera, herritarrak baserritar jantzita irteten dira kalejiran. Otzarak, aizkorak... baserriko lanabesak izaten dituzte eskuetan", nabarmendu du Garciak.

Kalejira abenduaren 24an egingo dute, 12:00etan, Olazarretik hasita. Amaieran ekitaldia egingo dute, San Martingo ermitan. Olentzerok eta Mari Domingik bertan egingo diete harrera umeei. 

KOLORE ANITZEKO EGITASMOA

UME ZEIN HELDU
(EGUN ILUSIONAGARRIA)

Umerik txikienek Olentzerorengan eta Mari Domingirengan iltzatuta izaten dute begirada, baina nagusiagoek herri ekimenean parte hartzeko joera hartu izan dute. LH5. mailatik aurrerako umeek kalejiran parte hartzen dute. Euretariko batzuk Galtzagorri jantzita joan izan dira herritarrak zirikatzen.

MUSIKA UGARI  
(TXISTUA, TRIKIA, ROCKA)

Musikarik ez da falta izaten. Txalaparta, trikiti-doinuak edo txistua izan, gabonetako pertsonaiek soinu banda ederra izaten dute kalejiran zehar. Aipagarria da, halaber, herriko musikari batzuek ospakizunerako beren-beregi prestatzen duten emanalditxoa. Irudian, iazko musika talde bat, herri ekimena girotzen.

AUZOLANA OINARRI  
(ANTOLAKUNTZARAKO DEIA)

Kalejiran begi bistakoa da herriko eragileen inplikazioa. Zuriñe Garciak herritarren parte hartzea txalotu, eta gar hori bizitzera deitu du: "Antolaketa lanetan jarraitzeko eta parte hartzeko deia egin gura diegu herritarrei", esan du. Irudian, Ikasleen Gurasoen Elkarteko kideak. Salda bero-beroa zerbitzatzen dute urtero.

SAN MARTIN ERMITA  
(AMAIERAKO EKITALDIA)

 

Ekitaldiaren kokalekua aldatuz joan da urterik urte. Iaz, San Martingo ermitan egin zuten kalejira amaierako ekitaldia. Galtzagorriek adierazpen bat irakurri zuten. Eta Olentzerok eta Mari Domingik herriko umeak hartu zituzten. Aurreratu dutenez, aurten ere San Martingo ermitan egingo dute ekitaldia.

 
 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!