[ARGAZKIAK] Ane Fernandez de Arroyabe gimnasta, Euskadiko txapeldun eta Espainiakoan onenen artean

Anboto 2024ko abe. 12a, 16:52

Zaldibarko Olazarmendi klubeko gimnastak goi mailako denboraldia osatu du.

Zaldibarko Olazarmendi klubeko Ane Fernandez de Arroyabe gimnastak denboraldi bikaina osatu du. Azaro hasieran, Euskadiko txapelketa irabazi zuen. Horrez gainera, Espainiako txapelketan aritzeko bost txarteletako bat eskuratu zuen. Txapelketa hori aste honetan zehar izan da, Iruñean, eta beste behin onenen artean geratzea lortu du 21 urteko gimnastak.

Bere entrenatzaile diren Itsasoren eta Lauraren esanetan, Fernandez de Arroyabek denboraldi "bikaina" osatu du. Bidean hainbat zailtasuni aurre egin behar izan dio. Izan ere, unibertsitateko klaseak eta entrenamendu saioak antzerako orduan izan ditu eta biak uztartzea lortu du Bizkaiko kluben artean dagoen elkartasunari esker. Hain zuzen, astean behin Mungiako Bitxiak klubeko azpiegituretan entrenatu ahal izan du eta horri esker bateratu ditu bi alderdiak.

Olazarmendiren denboraldi "intentsoa"

Olazarmendik 12 txapelketatan parte hartu du aurten, nazioarte mailakoak barne. Denboraldi "intentsoa" izan da, klubeko kideen esanetan. Denbora honetan, Eider Agirrek maila absolutuan debutatu du, apirilean lortutako igoeraren ondoren. Horrez gainera, Hodei Rivas euskal gimnasiako topaketarik aipagarrienean estreinatu da: Euskalgym-en. Azkenik, klubeko Nerea Gomezen lana eta, oro har, klubeko gimnasta guztiena goraipatu dute taldeko entrenatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!