Zaldibarko Udalak gazteen arreta psikologikoa lagunduko du diruz

Anboto 2024ko abe. 10a, 16:50

Udalak 9.000 euroko dirulaguntza prestatu du 16 eta 35 urte bitarteko gazteen arreta psikologikoa bultzatzeko. Gazte bakoitzeko hamar saio lagunduko ditu gehienez, eta egitasmoari segida emango dio 2025ean.

Zaldibarko Udalak kanpaina berri bat ipini du martxan: herriko gazteen arreta psikologikoa lagunduko du diruz; zehazki, 16 eta 35 urte bitarteko gazteena. Udalak kontsulta bakoitzeko prezioaren %80 hartuko du beregain, saio bakoitzeko 52 euroko mugarekin. Era berean, onuradun bakoitzeko, 10 saio lagunduko ditu gehienez. Diruz lagunduko dituztenak aurten egindako arreta saioak izango dira. Edozelan ere, udalak aurreratu duenez, 2025ean jarraipena emango dio egitasmoari: arreta psikologikoan laguntzeko diru-partida gorde dute datorren urteko aurrekontuari begira. Beste 9.000 euro erabiliko ditu helburu horretarako. Eneritz Azpitarte alkateak gogoratu duenez, "arreta psikologikoa laguntzeko kanpaina 2024ko aurrekontu parte-hartzaileetan sortu zen". Denbora tarte honetan udala "kanpainako oinarriak zehazten" ibili da. Azpitartek "garrantzitsua" deritzo "gazteriaren buru-osasuna zaintzeari".

Gazteek udaletxeko bulegoetan eskatu ditzakete laguntzak, baita, bide telematikoak erabilita, Zaldibarko Udalaren web atariaren bitartez ere. Eskabideak egiteko epea urtarrilaren 31n agortuko da. Baldintzak Zaldibarko Udalaren atarian kontsultatu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!