Etorkizuneko Olazar pilota txapelketa finalerdietara heldu da. Gaur hasi eta datozen bi eguenetan erabakiko dira finalistak Zaldibarko pilotalekuan. Jardunaldi guztiak 21:00etan hasiko dira.
Gaur lau eta erdiko finalerdi biak jokatuko dira: O. Etxeberria Ibarluzearen aurka, eta Apaolaza Rekalderen kontra. Ez dago faborito argirik. Etxeberria eta Apaolaza errematatzaileagoak dira eta Ibarluzea eta Rekalde botera jokatzeko joera handiagoa dutenak.
Rekaldek 22-13 irabazi zion Ramirezi joan zen asteko final laurdenetan. Beste final laurdenean Egigurenek eta Landak 22-20 irabazi zuten Canabalen eta Balerdiren aurka. Partidu bietako laburpena BIDEOAN ikusi daiteke.
Hurrengo aste bietan lau finalerdi jokatuko dira: gizonen binakakoak eta emakumeen lau eta erdikoak. Emakumeen txapelketa orain hasiko da, lau parte hartzailegaz.
Bernaolaren aukera
Abenduaren 12an Aingeru Bernaola mañariarrak jokatuko du, Karregalegaz bikotea osatuta. Fernandez-Loza bikotea izango dute aurrez aurre. Adituek bete-beteko partidua itxaroten dute. Atzeko koadroetan Bernaolak ez du edonolako aurkaria izango. Lozak urteak daramatza Aspe enpresaren orbitan, eta profesionaletan debutatzeko hautagaien artean dago. Baina hori, oztopoa barik, aukera on bat da Mañariko atzelariarentzat. Lozari hortzak erakusteko kapaz bada, seguru Olazar gertutik jarraitzen duten enpresa profesionaletako ordezkariek kontuan hartuko dutela. Final-laurdenetan, Bernaolak sasoi onean dagoela erakutsi zuen. Asko atzeratu zuen pilota, eta, defentsan, pilota zailak eraman zituen zabalera nahiz txokora korrikaldi biziak eginda. Emakumeetan Leire Garaik eta Laia Salsamendik neurtuko dituzte indarrak.
Abenduaren 19ko finalerdiak
Abenduaren 19ko binakako partidua honako hau da: Egiguren eta Landa Lizeagaren eta Azpirozen kontra. Bikote biak sasoi onean daude eta ez dago faboritorik. Emakumeen bigarren finalerdia Goiuri Zabaletaren eta Madalen Etxegarairen artekoa da. Zabaletak, beharbada, Master Cup Laboral Kutxako lau eta erdiko txapeldun dela jokatuko du Zaldibarren. Izan ere, lau egun lehenago, abenduaren 15ean, finala jokatuko du Amaia Aldairen kontra. Leitzarrak 15 urte baino ez dituen arren, onenen artean dabil, eta, gainera, bereziki eroso sentitzen da kaiolan.
Zuzeneko emankizunak
Finalerdi guztiak zuzenean ikusi ahal izango dira anboto.org webgunean. Koldo Aldalur edo Haritz Gallastegi arituko dira esatari, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Antolatzaileek egindako saioek kalitatezko errealizazioa dute: hainbat kamera, errepikapenak, datuak, elkarrizketak… Finalak abenduaren 31n izango dira, urtero legez.