Zelakoa izan da itzulera?
Oso sentsazio polita da. Dagoeneko egonaldi txiki bat egin dugu Elgoibarren. Txirrindulariekin eta langile taldeko kideekin egoteko aukera izan dut. Gero, egutegia antolatzeko, hainbat bider batzartu naiz Azanzagaz, Urtasunegaz eta Barrancogaz. Elkar ondo hartu dugu. Denok antzerako izaera dugu eta asko igartzen da. Hizkuntza bera berba egiten dugu. Burgos BH taldean ez nuen sentipen berdina. Orain arteko esperientzia oso ona izan da eta pozik nago.
Txirrindulari zinenean, Azanza eta Urtasun taldekide izan zenituen hainbat urtean. Aurretik elkar ezagutzeak laguntzen du?
Bai, jakina. Hirurok sasoi berean ibili ginen Euskaltel-Euskadin. Gainera, lagunak ginen. Denboran iraun duen lotura bat sortu genuen. Txirrindularitza utzi eta gero ere bat egin dugu sarritan, ni Burgos taldean, Urtasun Kern Pharman eta Azanza Euskaltelen geundenean.
Zehaztuta dago zure egutegia?
Mallorcan hasiko naiz. Gero, Valentziara joango gara. Baliteke tanta hotzagaitik datak aldatzea, baina egingo dela ematen du. Ondoren, Frantzia aldean ibiliko naiz.
Zeintzuk dira taldearen helburu nagusiak?
Aurten 39. tokian geratu gara. Taldean egon direnak kritikoak izan dira denboraldiagaz. Ez daude pozik iazkoagaz, eta buelta eman gura diogu egoera honi. Urtasun eta biok taldera batzea zuzendaritza arloa indartzeko ahalegina da, txirrindularien gain-gainean egon gaitezen. Ez dugu iazkoa errepikatzea gura. Aurten 40 onenen artean geratu gura dugu 2025eko World Tourreko lasterketak lehiatzeko, baina, 2026koetan parte hartu ahal izateko, 30 onenen artean egon behar dugu. Aurten atera ditugun 1.400 puntuekin kanpoan geratuko ginateke, ehuneko ehunean. 3.000 inguru beharko ditugula kalkulatu dugu. Horretan zentratuko gara.
Zeintzuk dira errendimendu horretara heltzeko gakoak?
Ez dago alderdi bakar bat. Engranaje osoak funtzionatu behar du. Iaz, manager aldaketagaz, apur bat trabes hasi zuten denboraldia, eta batzuetan ez da erraza egoerari buelta ematea. Aurten ondo gaude hasieratik. Dena ondo doa eta ezin gara kexatu. Orain ondo pentsatu behar dugu egutegia, eta lasterketa bakoitzera zein txirrindulari eraman. Gero, txirrindularien gainean egon behar dugu; estutzen barik, animatzen, motibatzen eta eurekin gaudela sentiarazten, eta ez polizia lanetan.
Espainiako Itzulian egotea da urteko helburu nagusietariko bat?
Horretarako, 40 onenen artean egon behar dugu, eta bagaude. Orain, euren esku dago zein talde gonbidatu. Gauzak ahalik eta ondoen egiten ahaleginduko gara, geu izateko aukeratuak.
Euskaltel-Euskadik bere mugak zabaldu ditu David Dekker eta Danny van der Tuuk herbeheretarrak, Paul Hennequin frantziarra eta Louis Sutton britainiarra fitxatuta. Zergaitik pauso hori?
Txirrindularitza asko konplikatu da. Lehen, euskal txirrindularirik onenekin nahikoa izan zitekeen. Orain Kern Pharma eta Caja Rural taldeak ere badaude, nafarrak biak, eta eurekin lehian zabiltza. Gero, Movistarrek onenak hartzen dizkizu, edo, bestela, World Tour taldeetara doaz. Bestela, begiratu euskal txirrindularirik onenak non dauden. Gu ezin gara World Tourreko talde bategaz lehian sartu. Txirrindulari batzuek kobratzen dutena gure talde osoko aurrekontua da. Testuinguru horretan, 3.000 puntu lortu gura baditugu, mugak apur bat zabaldu behar ditugu.
Taldera batu diren ziklista gazteek zer eskaini dezakete?
Ander Ganzabal zaildutako ziklista da, harrobikoa. Fisikoki prest dago, baina lehenengo urtean ezin zaio helburu handirik ipini. Bere garapena ikusi gura dugu. Batez ere, itzuliak lehiatuko ditu. Louis Suttonek 22 urte ditu. Aurten Bidasoako Itzulia irabazi du. Ziklista nahiko konpletoa da. Aurten profesionalekin lehiatu da, 2,2 kategoriako lasterketetan, eta kalitatea baduela erakutsi du.
Euskadi Murias taldean Mikel Bizkarraren zuzendaria izan zinen eta orain berriro elkartu zarete Euskaltel-Euskadin.
Mikel pertsona erraza da traturako. Ez dago bere gainean egon beharrik, txirrindularitza pasio duelako. Zoriontsua da bizikleta gainean. Azkenaldian zorte txarra izan du lesioekin. Ea aurten zorte hobea duen. Neuri dagokit bere jarraipena egitea, eta konfiantza handia dut berarengan. Nire txirrindularitzako azken urtean bera gazte-gaztea zen. Orduan ere eskalatzaile fina zela gogoratzen dut, baina denboragaz asko hobetu du.
Urteak joan ahala, zuk zeuk ere hobetuko zenuen kirol zuzendari lanetan. Denborak zer irakatsi dizu?
Batetik, txirrindulari bat ondo zuzentzeko berarengana heltzen asmatu behar duzula ikasi dut. Konfiantza eraiki egin behar da. Eurekin arlo psikologikoa lantzea ere inportantea da. Izan ere, batzuetan gorputzak gehiago eman dezake, baina buruak ez du uzten. Gero, arlo teknikoan, oso garrantzitsua da lasterketak zorrotz aztertzea eta ziklistari informazioa ondo helaraztea.