Zeintzuk ezaugarri ditu ikerlanak?
Gure ikerketa eremua elebitasuna da, eta nire ikerketa lerro nagusia zahartzaroa eta hizkuntza eragozpenak dira. Adibidez, iktusaren ondorioz aurkezten diren afasiak. Izan ere, zahartzaroak eta hizkuntza eragozpenek loturarik bako kontzeptu bi diruditen arren, hartu-eman estua dute elkarregaz. Gaitz neurologikoaren ondorengo hizkuntza eragozpenak, afasiak, edozein adinetan agertu daitezkeen arren, oro har, pertsona nagusietan aztertzen ditugu. Aldiz, gutxi dakigu adin horietako pertsona osasuntsuen hizkuntza gaitasunaren inguruan. Ezinbestean ikertu behar dugu bizi-zikloan, zahartze osasuntsuaren barruan, "normala" dena, kondizio patologikoak behar den moduan detektatu, ulertu eta tratatzeko.
Beraz, irizpide kliniko bat ezartzea da asmoa?
Ezagutza zientifikoa sortzea erabilgarria da, patroi normalak ez-normaletatik desberdintzeko. Ume txikiekin oso erraz irudikatzen da egoera. Hara: adin bereko ume talde batean, ikasgela batean, berehala ikusten duzu zein umek duen hizkuntza gaitasuna garatuago, zeinek duen gutxiago. Hau da, zuk badakizu zer hizkuntza gaitasun espero dezakezun lau urteko ume batengandik, hizkuntza jabekuntzaren etapak ezagutzen ditugulako. Baina zahartzaroan ez daukagu eragozpenen bat daukatenen eta eragozpenik ez daukatenen arteko aldea non dagoen ezartzeko irizpide argirik. Hizkuntzaren gainbehera osasuntsua ezinbestean ezagutu behar dugu egon daitezkeen patologiak behar den moduan ulertu ahal izateko, eta era goiztiarrean esku hartzeko.
Eta zein rol du elebitasunak joko zelai horretan?
Gure ikergaiaren arrazoietariko bat hizkuntzaren gainbehera osasuntsuak euskaran duen eragina ikertzea da. Beste arrazoi bat elebidun izateak zahartzaroan eraginik ote duen aztertzea da. Gure ikerketen eta nazioarteko ikerketen arabera, badirudi elebiduna izateak onura kognitibo batzuk ekartzen dizkigula zahartzaroan. Baditugu oinarriak hori pentsatzeko, baina zehaztasuna falta zaigu behin betiko ondorioa emateko, eztabaida handia dago-eta alor horretan. Eta zer egon daitekeen zehaztasun falta horren atzean? Ba, elebitasunak forma asko izan ditzakeela. Hau da, baten batek, beharbada, nagusitan ikasi du bigarren hizkuntza. Beste batek, akaso, umetatik dakizki biak, baina apenas erabiltzen du euretariko bat. Eta kasuistika hain denez zabala, ez dago ondorio sendorik. Horrenbestez, gure ikerketetan askotariko euskaldunak aztertzen ditugu, euskararen jabekuntza, adina, konpetentzia eta erabilera askotarikoak dituzten euskaldunak.
Zer da Durangoko saioetan zehatz-mehatz aztertzen zabiltzatena?
Elebitasunaren onurak barik, elebitasunaren eragina aztertzea da helburua. Gure hizkuntza gaitasunak urteak egin ahala erakusten dituen aldaketak aztertu gura ditugu desberdinak diren elebakarren eta elebidunen artean. Hainbat lagin aztertzen gabiltza horretarako. Pertsona osasuntsu gazte eta nagusien datuak EHUko Gasteizko Campusean eta Durangon jasotzen gabiltza. Horrez gainera, Bizkaiko nagusien egoitzetan egiten gabiltza ikerketa, eta baita Donostiako Ospitalean ere, iktusaren ondoren gainbehera kognitibo leuna aurkezten duten pertsonekin, azken honetan.
Zelakoak izaten dira Durangoko probak?
Parte hartzaile bakoitza lau bider dator hona. Saio bakoitza ordubetekoa izaten da. Lehenengoan, proba kognitiboak egiten ditugu. Memoria, bizkortasuna eta halakoak aztertzen ditugu. Bigarrenean, elkarrizketa bat egiten dugu. Ez da kontu pertsonalik kontatu behar. Askotariko zereginak ematen dizkiegu, hainbat gairen inguruan berba egiteko. Hirugarren eta laugarren saioetan pantaila baten aurrean egiten ditugu ariketak. Zeregin errazak dira: esaldia entzun eta galdera batzuei erantzun, irudiak izendatu, eta abar. Erreakzio denborak eta begien mugimendua aztertzen ditugu, besteak beste.
Ikerketak zer onura ekarriko dio gizarteari?
Erronka handia dugu zahartzaroagaz, eta horrek dakarren erronketariko bat gizartea horretara egokitzea da. Beste erronka bat herritarrei ahalik eta bizi kalitaterik onena ematea da ahal den beste denboran, eta azkena, zahartzaroak dakartzan gaixotasun mentalei aurre hartzea. Hau guzti hau ez da Euskal Herriko kasua bakarrik, baina bertara egokitu behar dugu ikerketa. Izan ere, zahartzaroak eta hizkuntza eragozpenek euren manifestazio propioak dituzte euskal hiztunengan. Durangora bueltatuta, herritarrak ikerketan parte hartzera gonbidatu gura ditugu. Ez da gutxieneko hezkuntza mailarik behar, ezta bestelako ezagutzarik ere. 20 euroko ordainsaria jasoko dute. Eginbeharrekoak oso errazak dira, eta zientziari ekarpena egingo diote.