[BIDEOA] Olazar txapelketako zuzenekoak hastear direla, errepasoa 36 urteko ibilbideari

Anboto 2024ko aza. 14a, 09:00

Bengoetxea VI.a, Olaizola I.a, Imanol Agirre, Joseba Ezkurdia eta profesional izatera heldutako beste hainbat pilotari ageri dira Olazarko antolatzaileek kaleratu berri duten bideoan.

Gaur final-laurdenak hasiko dituzte Zaldibarko Olazar pilota txapelketan, eta, horregaz batera, antolatzaileak zuzeneko emankizunekin hasiko dira. Saioek kalitatezko errealizazioa izango dute, hainbat kameragaz. Haritz Gallastegi kazetaria arituko da esatari —ezin duenean, Koldo Aldalur etorriko da— eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Emankizunak Zaldibarko Udaleko Youtube orrian botako dituzte eta anboto.org atarian ere jarraitu ahal izango dira, zuzen-zuzenean, 21:00etan hasita. 

Lau eta erdian, O. Etxeberriak eta Uriartek neurtuko dituzte. Binaka, Fernandez eta Loza Iker Amianoren eta Balerdiren kontra arituko dira.

Atzera begirakoa

Antolatzaileek hasiera-hasieratik grabatu dituzte txapelketako irudiak. 36 urteko artxibo oparo hori balioa irabazten joan da txapelketan parte hartzen zuten pilotari gazteek profesionaletan debutatzen zuten aldiro. Orain, urteetan pilatutako aberastasun grafiko hori herritarrekin partekatu dute antolatzaileek. Kaleratu berri duten bideoak Olazarren ibilbidea errepasatzen du partiduetako irudiekin eta pilotazaleek hainbat aurpegi ezagutuko dituzte bertan: Oinatz Bengoetxea, Asier Olaizola eta Joseba Ezkurdia, besteak beste. Mikel Gonzalez berriztarra ere agertzen da, 2005ean, Apezetxearen kontrako partiduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!