Urteak dira Zaldibarko eskolan bizikidetza plana indarrean sartu zutenetik. Programan, ikasleek, irakasleek, jantokiko arduradunek, garbitzaileek, gurasoek eta Zaldibarko Udalak esku hartzen dute, elkarbizitza positiboa bermatzeko helburuz. Besteak beste, eskola jazarpenari, parte-hartzeari, elkarlanari eta aniztasunari loturiko gaiak lantzen dituzte, eta ikasle talde bat astero-astero batzen da Bullyingari aurre egiteko BAT taldean, gaiari loturikoak edo gainerako ikasleek haiei komunikaturikoak aztertzeko. Bada, gaur, Eusko Jaurlaritzako Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua bizikidetza taldeko ikasleekin batu da lantaldearen lana gertutik ezagutzeko. Batzordeko arduradunek azaldu dutenez, ikasle ordezkariak hilabetean behin irteten dira jolasorduetara identifikagarri egiten dituzten txalekoak soinean. Modu horretan, gainerako ikasleen kezkak jasotzen dituzte, gero, astero-asteroko batzordean, elkarbizitza hobetzeko estrategiak aztertu eta kezkatzeko moduko kasurik atzematen bada, komunikatzeko.
Pedrosa Hezkuntza sailburuak jazarpenaren aurkako lantaldeak egiten duen lana txalotu du: "Gaur hemen ikusten dudana da, zuek, ikasleak, oso gai inportante baten protagonista zaretela. Elkarbizitza benetan da garrantzitsua behar bezala ikasteko. Izan ere, ez bagaude ondo, ez dago behar bezala ikasterik". Alde horretatik, Pedrosak "inportantetzat" jo du entzutea. "Entzutea, eta pertsonaren bat, ikaskideren bat, sufritzen badabil, zelan sentitzen den esateko aukera ematea. Eta zuek ere, txarto sentitzen zaretenean, hori askatasunez adieraztea. Hori da elkarbizitza", gaineratu du sailburuak.