Zaldibarko udalbatzak 2025eko zergak eta tasak eguneratu ditu. Ordenantza fiskal berritua eguazten iluntzean egindako osoko bilkuran onartu zuten, ordezkari guztiek, aho batez. “Gastuek gora egin dutela ikusirik, eta Udalkutxatik jasotzen dugun diru-sarrerak behera egingo duela aurreikusirik, 2025eko zergak eguneratzea erabaki dugu”, azaldu zuen Eneritz Azpitarte alkateak. Oro har, zergek eta tasek %2,5 egingo dute gora. Zerga bat baino ez da kopuru horretatik salbuetsita egongo: zaborraren bilketari eta kudeaketari loturikoa. Hori %15 igoko da, zerga Europako araudi berrira moldatzen has dadin. “Izan ere, Europako legediaren arabera, hondakinen bilketa eta kudeaketa kostuak zaborra biltzeko zerbitzuaren gaineko tasagaz estali beharko lirateke; bide batez, sorturiko hondakinen araberako ordainketa sistemak ezarriz”, gogoratu du alkateak.
Hori dela eta, helburua lortzeko bidean, Zaldibarko Udalak igoera progresibo bat egingo du urtero-urtero, harik eta tasak zaborra batzeko zerbitzuak sortzen dituen kostak estaltzea lortzen duen arte. “Neurri horretara iristeko, zerga hori %35 igo beharko genuke kolpetik. Baina igoera handia denez gero, hiru urteko igoera progresiboa egitea planifikatu dugu. Tasa %15 igoko da 2025ean, beste %15 2026an, eta falta dena 2027an”, azaldu du Azpitartek.