Zaldibarko Udalak udalerriari dagokion benetako osasun plantilla bermatzea "exijitu" dio Osasun Sailari

Anboto 2024ko urr. 31a, 14:31

Zaldibarko udalbatzak herritarrek eta herriko hainbat eragilek aurkezturiko adierazpena onartu zuen atzoko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Udalak, "herritarren eta eragileen analisiarekin bat eginda, premiazkoa eta lehentasunezkoa deritzo osasun sistema publikoko pertsonal fakultatibo, sanitario eta administratibo guztia berreskuratzeari; baita pandemiaren aurretik egondako asistentzia-gaitasuna berreskuratzeari ere".

Mozioak INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren azken datuak jasotzen ditu 2024tik gaurdaino mediku kopuruak gora egin duela azaltzeko: "2014an, 234.000 mediku kolegiatu zeuden; iaz, 2023an, 304.000. Aurtengo maiatzean 6,21 mediku eta 7,12 erizain zeuden 1.000 biztanleko. Gainera, Madrilgo Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa izan dira mediku kopuruaren hazkunderik handiena izan duten bi erkidegoak. Datuek, beraz, medikuak egon badaudela erakusten dute", esan dute. Hori horrela, Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari "exijitu" diote, "bere lege eta arau propioak betez", Zaldibarri dagokion "benetako plantilla bermatzea". 

Mediku falta "icebergaren punta" dela jaso dute. "Osasun sistema publikoa eta kalitatezkoa lortzeko eraldaketa sakona behar da Euskal Autonomia Erkidegoan. Eragile eta erakunde guztiek dute zeresana eta eginbeharra horretan. Zaldibarren kasuan, anbulatorioa txikia eta zaharra da eta, gainera, ez da behar besteko irisgarria. Udalerriak "merezi duen anbulatorioa eskaintzea" eskatu diote Osakidetzari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!