Zaldibarko Udalak prozesu parte-hartzaile bat hasi du "herriko mugikortasuna hobetzeko helburuz". Bertan, herritarren ekarpenak oinarri hartuta, udalerriak etorkizunean behar duen mugikortasuna diseinatuko dute. Eneritz Azpitarte alkateak azaldu duenez, “herritarrek hobetu beharreko aspektuak plazaratu ahalko dituzte egunerokotasunean bizitzen dituzten egoeretatik abiatuta; izan, ume, gazte zein heldu ala izan oinezko, txirrindulari edo auto-gidari”. Hain zuzen ere, prozesu parte hartzailean zehar, genero ikuspegia eta herritarren adin-tartea kontuan hartuko dituztela azaldu dute.
Lehenengo lan saioa asteazkenean
Prozesu parte hartzailearen lehenengo lan saioa urriaren 30ean egingo dutea, eguaztenean. Prozesua dinamizatzeaz arduratuko diren teknikariak udalerriko puntu hauetan egongo dira herritarren iritziak aurrez aurre jasotzen. Toki eta ordutegi hauetan:
- 11:00 – San Andres
- 12:00 – Alde zaharra
- 12:30 – Artia
- 16:00 – Eskolako jolastokia
- 18:30 – Nagusien Etxea
“Gure udalerriaren etorkizuneko mugikortasuna herritar guztion parte hartzearekin hobetuko dugu. Udalerri erosoago eta seguruago bat izateko bidean, herritar guztiak deitu nahi nituzke urriaren 30ean egingo diren aurrez aurrekoetan parte hartzera”, esan du alkateak.