BHCK jaialdiaren aurkezpen festa

Aritz Maldonado 2024ko urr. 25a, 12:00

BHCK hardcore jaialdiaren seigarren edizioaren aurkezpen festa egingo dute zapatuan, Zaldibarko Sorgin tabernan; Tooth eta Kolpeka talde gernikarrek emango dituzte kontzertuak; aurretik, etxeko musika jartzaileak egongo dira 18:00etatik aurrera. 

Iazko edizio arrakastatsuaren ondoren, BHCK jaialdiko antolatzaileek motorrak martxan ipini dituzte aurtengorako. Aurkezpen festa egingo dute Zaldibarko Sorgin tabernan. Bertan, Tooth eta Kolpeka talde gernikarrek emango dute kontzertua. Lehenengoak Errautsetatik hirugarren lan luzea aurkezteko biran murgildurik daude; azken lanean, post rock doinu gordinagoetara hurbildu dira. Kolpeka taldeak Amorruz beteta lan laburra kaleratu zuen 2022an. Punk eta hardcore doinu gogorrak jorratzen dituzte bertan. Kontzertuak 20:00etan hasiko dira eta aurretik musika jartzaileak egongo dira. 

Etxekoak etxean
Azaroaren 23an izango da BHCK jaialdiaren seigarren edizioa, Berrizko Hiltegixe gaztetxean. Ohikoa den moduan, etxeko eta kanpoko taldeek osatuko dute kartela. Aurtengoan, baina, inoizko ediziorik jendetsuena izatea espero da. Hain zuzen ere, bederatzi taldek osatzen dute kartela: Durangaldeko Armarri, Eje, Meison eta Worth It taldeek osatuko dute etxeko ordezkaritza. Boneflower madrildarrek eta Glitter katalanek proposamen desberdinak dituzte; lehenengoek doinu berritzaileagoak jorratzen dituzte, eta bigarrenek eskola zaharreko doinuak. Jaialdia borobiltzeko, Euskal Herriko hardcore proposamenik interesgarrienetarikoak dituzten Revertt, Vibora eta Zikin taldeak ere arituko dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!