Zaldibarko udalbatzak kultur etxea egiteko proiektua onartu du EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioagaz. Kultur etxea udalarenak diren Elexpe eta Sanjuangoa eraikinetan egingo dute, bide batez "hainbat helburu estrategiko" beteta. Udalaren berbetan, herritarrek eta eragileek "udalerriak merezi duen programazio kulturala garatu ahal izango dute helburu horretarako ezinbestekoa den azpiegitura batean". Bestetik, kultur etxeak "Alde Zaharra biziberritzea" ekarriko du, eta, azkenik, "herritar guztiena den ondarea zaintzeko eta horri balioa emateko aukera eskainiko du". Kultur etxeak 715 metro koadroko espazio erabilgarria izango du eta bilera gelak, ikasgela, liburutegia, auditoriuma eta erabilera anitzeko gela izango ditu barruan.
Proiektua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuta dago jada eta herritarrek azaroaren 15era arteko epea dute ekarpenak udalean egiteko. Proiektuaren aurrekontu orokorra 3.125.557,13 eurokoa da eta udalak finantziazioa lortzeko bide guztiak zabalik ditu. Elexpe eta Sanjuangoa eraikinak udalarenak dira 90eko hamarkadatik hona. Tarte horretan, ez dute kultur etxerik izan herrian. Eneritz Azpitarte alkateak azaldu duenez, "bada garaia kultur etxea izateko".