Zaldibarko gaztetxeak gaualdi solidario bat hartuko du azaroaren 2an. Jaialdiak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ernai gazte antolakundeko hainbat kideri ipinitako isunak ordaintzeko funtsak batzea izango du helburu. Horretarako, egitarau bat prestatu dute. 19:00etan, terraza giroa alaitzen izango dira, eta 21:00etan kontzertuak hasiko dira: Reder, Ezezez, Xaukena Xauk eta Totozer MJ musika jartzailea igoko dira eszenatokiko oholtzara. Bertaratzen direnek 3 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Durangaldeko Ernaik jakinarazi duenez, 300.000 euroko isun horretako zati bat eskualdeko 15 kideri ezarri die Segurtasun Sailak. 36.500 guztira. Hori dela eta, jaialdira joatera eta auzia "sozializatzera eta kaleratzera" deitu dituzte herritarrak.
Eusko Jaurlaritzak gazte antolakundeari ipinitako isunak testuinguruan kokatzeko, 2023ko irailaren 22ra egin behar da atzera. Ertzaintzak Ernaiko 133 gazte identifikatu zituen Bilbon eta Gasteizen eginiko protestetan, "desorden publiko larria" eragitea egotzita. Gazteek protesta bi egin zituzten egun hartan, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren kartzelaratzea etetea eskatzeko. Eserialdiak eta trafiko mozketak egin zituzten Espainiako gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean eta Ertzaintzaren Gasteizko komisariaren aurrean.
Bilboko eta Gasteizko mobilizazioez gainera, Durangaldeko Ernaik eskualdean bertan egin zuen protesta, 2023ko irailaren 27an. Gazte antolakundeko kide batzuek errepidea moztu zuten Traña-Matienako San Blas hotelaren parean.