Umeentzako goitibehera jaitsierak, domekan, Zaldibarren

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 28a, 10:48

Iaz egindako Goitibera Txikia. (Argazkia: Delfin Zubizarreta).

Jardunaldia Hiru Gurutzeetatik beherako aldapan egingo dute, 16:00etatik 19:00etara. Aldatsa elkarteak sputnik erako 15 goitibehera ipiniko ditu umeen gozamenerako.

Zaldibarko Aldatsa goitibehera taldeak Goitibera Txikia antolatu du laugarrenez, udalarekin eta Gaztelekuarekin elkarlanean. Domekan egingo dute, hilak 29, Hiru Gurutzeetatik beherako aldapan. Jardunaldia 16:00etatik 19:00etara izango da. "Guztira, 15 Sputnik goitibehera aterako ditugu errepidera. Sputnikak egurrezko egitura eta uretanozko gurpilak dituzten goitibeherak dira, oso erraz maneiatzen dira. Neurri edo tamaina ezberdinetakoak egongo dira, batzuk ertainak eta besteak handiak", azaldu dute Aldatsa elkartetik. 

Edozelan ere, elkarteak bakoitzak bere kaskoa ekartzera deitu du, "bizikleta kasko bat adibidez". Kamiseta eta praka luzeak jantzita joatea ere gomendatu dute, urraturik ez egiteko. 
 
Aldatsa elkartearen helburuak inertzia kirolak ezagutzera eman eta goitibeherekiko zaletasuna sustatzea dira. "Goitibera Txikia batez ere ume eta nerabeei dago zuzendua. Hala ere, ekitaldiaren amaieran, gurasoek goitibehera probatzeko aukera izango dute", azaldu du elkarteak.
 
Durangoko jaietan ere bai
 
Urriaren 13an umeentzako goitibehera ekitaldia egongo da Durangon. Goizean izango da. Arratsaldean, berriz, Euskal Inertzia Kopako proba puntuagarria jokatuko da Tabiran. 
 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!