Zaldibarko herritarrek beste mobilizazio bat egingo dute barikuan, udalerriko osasun zentroan mediku bi behar dituztela eskatzeko. Osasun zentroan mediku bat egongo da irailaren 30etik aurrera, baina, azken asteotan mobilizazioak antolatzen ibili diren eragileen iritziz, mediku bakarra "ez da nahikoa". Hori dela eta, gaur, 19:00etan, kalera irtengo dira berriro ere, udaletxeko plazara, bigarren medikua eskatzeko. "Joan zen barikuko mobilizazioaren eta udalaren eskarien aurrean, Osakidetzak mediku bat ipiniko du irailaren 30etik aurrera. Mobilizatzen garenean baino ez digute entzuten", adierazi dute protesta ekitaldiko antolatzaileek. Herritar guztiak deitu dituzte mobilizaziora batzera. Zaldibarko Udalak antzeko adierazpenak egin zituen joan zen astean. Osakidetzari arazoa konpontzeko egindako lana eskertu zioten arren, herrian mediku bi behar dituztela gogoratu zuten.