Azkarraga-Urizarrek gaurko lehenengo jardunaldian jokatuko du. Albizu aurrelariagaz osatuko du bikotea; Iker eta Unai Amiano anaia irundarrak izango dituzte aurrez aurre. Biak ezkerrak dira eta sasoian daude. Esaterako, Unai Amianok 22 urtez azpiko munduko txapelketa irabazi zuen orain astebete, Carmelo Lozagaz batera, finalean Mexikoko bikotea mendean hartuta. Lau eta erdian Egurrolak eta Olaizolak neurtuko dituzte indarrak.
Olazarreko partiduak eguenero jokatuko dira, 21:00etan hasita. Aurreko aldietako ordutegia ordu erdi aurreratu dute. Jardunaldi bakoitzean, lau eta erdiko eta binakako partidu bana jokatuko dute.
Emakumeen lau eta erdiko txapelketa bat ere egongo da, baina abenduan hasiko da, finalerdiekin. Gizonen eta emakumeen final guztiak abenduaren 31n jokatuko dira, tradizioari eutsita.
Zuzeneko emankizunak
Final-laurdenetatik aurrerako jardunaldi guztiak zuzenean emango dituzte euren youtube kanalean, eta www.anboto.org webgunearen bitartez ere jarraitu ahal izango dira, eguen iluntzero.