Mikel Arroitaonandiak (Zaldibar, 1993) mendian korrika egitea du afizio orain bost urtetik hona, eta orain Euskal Herriko tontorrak ezagutzeko gonbita egiten du sare sozialen bitartez (@mikelarroitaa). Psikologia ikasketak amaituko ditu laster.
Zelan hasi zinen mendian egindako ibilbideak sareratzen?
Korrikalariek, errendimendua bilatzen duten kirolariek, sare sozialetan kirolaren alde polita erakusten zutela ikusten nuen. Baina, lasterketa bat prestatzerakoan, edozein kiroletan, badaude momentu txarrak ere, eta kirolaren beste alde hori ere erakusteko helburuagaz hasi nintzen edukiak sareratzen. Izan ere, bizitzan eta kirolean normala da gorabeherak izatea. Gainera, Euskal Herriko hainbat tontor eta txoko polit erakusteko modua ikusi nuen. Horrela hasi nintzen. Jendeak gustuko izan ditu edukiak; batez ere, mendi tontorren bideoak. Euskal Herriko tontor eta inguru berriak ezagutzera animatu gura dut jendea.
Errendimenduagaz loturiko bestelako edukiak ere sareratzen dituzu.
Bai. Gainera, uste dut errendimendua oso lotuta dagoela buruagaz. Errendimendua lortzeko beti gogor egin behar dela uste dugu askotan, sakrifzio bat eskatzen duela. Baina disfrutatzea ere bada errendimenduaren parte. Etekina ateratzeko disfrutatu egin behar da. Momentu txarrak biziko ditugun arren, pozik jardun behar dugu. Batzuetan entrenatzera joaten naiz, eta beste batzuetan leku berriak ezagutzera. Oreka topatzen ahalegintzen naiz.
Itxaroten zenuen izan duzun harrera sareetan?
Ez. Nire helburua inoiz ere ez da izan jarraitzaileak lortzea. Mendian bideoak egitea gustuko dut, eta jendeak gustuko baditu, oso ondo. Bidali gura dudan mezua heltzen bada, ba hobeto.
Zuretzat mendia terapia dela diozu.
Bai. Egungo gizartea oso bizkor doa, eta mendiak aukera ematen dit egunerokoaz deskontektatu eta naturagaz konektatzeko.
Zenbat tontor geratzen zaizkizu?
Mordoa! Bizkaian bakarrik asko dago (barrez).
Hainbat lasterketatan parte hartu duzu, Euskal Herrian eta Espainian. Baduzu bat bereziki gogoan?
Hiru Haundiak lasterketak erakarrita hasi nintzen korrika, eta oraindino ez dut proba hori egin. Ea egiten dudan. Egunen batean, Greziako Spartathloia egitea ere amesten dut.